N-121A errepideko lanen ondorioz Endarlatsa eta Berrizaun inguruan itxiko da errepidea aste honetan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 9a

Astearte eta ortzegunean Igantziko bidegurutze inguruan, asteazken eta ortziralean Endarlatasn

Nafarroako Gobernuko Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, aste honetan, lau egunez erabat moztuko da N-121A errepidea leherketak egin behar direlako, orain arte bezala bi egunez Endarlatsa ondoan eta adi!, bertze bi egunez NA-4020 errepidean, Igantziko loturan.

Astearte eta ortzegunean Berrizaunen, asteazken eta ortziralean Endarlatsan

Zehazki asteartean, ekainaren 10ean, erabat moztuko da errepidea 20 minututz, eguerdiko 12:00ak eta ordubiak artean, errepideko 56,500 eta 60,800 kilometroen artean, Berrizaun inguruan, beraz. Asteazkenean, ekainaren 11n, berriz, ordu laurden batez itxia egonen da, 12:30etatik 12:45era arte, 69,750 eta 70,150 kilometroen artean, Endarlatsa inguruan. Ortzegunean, ekainaren 12an berriz ere Igantziko Benten inguruan itxiko da errepidea 20 minututz, 12ak eta ordubiak artean eta 56,500 eta 60,800 kilometroen artean. Ortziralean, ekainaren 13an, azkenik, bi orduz itxiko da errepidea Endarlatsa inguruan, eguerdiko 12etatik ordubietara, 72,150 eta 72,250 kilometroen artean.

Txandakako pasabidea

Gainera, egunero bezala, hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun