Nazabalek, Rekondok eta Erasunek irabazi zituzten Urrezko Aizkoraren finalak

TTIPI TTAPA 2008ko eka. 9a, 13:19

Larunbat arratsean 600 ikusle bildu ziren Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan

Ez zen ezusterik izan, eta Floren Nazabalek berriro ere Urrezko Aizkorako txapela eskuratu zuen. Dena den, larunbat arratsean Azpeitiako finalean lana egin behar izan zuen Donato Larretxea menderatzeko, baina Etxarrikoak bete zuen bere helburua. Aizkolariak, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi ziren, eta Larretxeak lortu zuen garaipena; 32 kolpetan erdibitu zuen enborra, eta baten aldea kendu zion Nazabali. Bigarren lanean tamaina bereko enborrarekin erloju kontrakoan neurtu ziren, eta hor txapelduna atera zen garaile, 42 segundotan moztu baitzuen enborra eta hiruren aldea atera zion Larretxeari. Hirugarrengoan, kana-erdikoa zutik zuten mozteko, eta Larretxeak bereganatu zuen saio hau, minutu eta 38 segundotan bota baitzuen enborra, eta minutu eta 50 segundotan Nazabalek.

Finaleko gakoa 60 ontzakoan

Finaleko gakoetako bat, ordea, 60 ontzakoan egon zen, Donatok ez baitzuen epaiarekin asmatu, eta hor Nazabalek aldea kendu zion. Minutu eta 48 segundotan bota zuen enborra txapeldunak, eta aurkariak, berriz, bi minutu eta bederatzi segundotan. Bi lan bertzerik ez ziren gelditzen, eta Larretxeak arriskatu beharra zeukan. Azken-aurreko lana egokia zen berarentzat, 45 ontzako bat zutik, eta bertze bat etzanda moztu behar baitzuten, baina gauzak ez zitzaizkion ongi atera. Proba honetan ere Floren atera zen nagusi, nahiz eta segundo bakar bateko aldea egon zen. 2 minutu eta 23 segundo izan zen bere denbora. Beraz, iraupen proba bakarrik falta zen, eta Nazabalek dena zuen alde. Saio horretan, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten. Larretxeak indartsu ekin zion, aitzinetik ibili zen lan erdiak bitarte, baina gero jo egin zuen, eta Nazabalek ez zion barkatu. 13.38 izan zen bere denbora, eta 14.43, berriz, Donato Larretxearena. Lan guztiak burutzeko, berriz, 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituen Floren Nazabalek, eta 22 minutu eta 11 segundo, berriz, Donato Larretxeak.

Rekondo 23 urtez beheitikoetan

Azpeitian larunbat arratsean jokatu ziren bertze bi finaletan ere aurreikuspenak bete ziren. Izan ere, Jon Rekondo leitzarra 23 urtetik beheitikoetan, eta Ander Erasun aurtiztarra, 18 urtetik beheitikoetan, izan ziren txapeldunak. 23 urtetik beherakoetan iraupenerakoo lanera, leitzarra aitzinetik heldu zen, baina tartea txikia zen. Aitzinetik jokatutako lau probetatik hiru irabazi zituen, baina tarte txikiarekin. Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, baina hor Mugertza II ez zen ongi aritu, eta leitzarrak ez zuen barkatu. Lan hori, 14 minutu eta 13 segundotan akautu zuen leitzarrak, eta 16 minutu eta 8 segundotan gipuzkoarrak. Guztira, 18 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 20 minutu eta 48n segundo, berriz, Mugertzak.

Erasun 18 urtez beheitikoetan

Gazteenen finalean, berriz, Ander Erasun zen faborito, eta berak irabazi zuen; baina Oihan Larretxeak epaiekin asmatu izan balu, agauzak bertzelakoak izan zitezkeen. Alde handi samarrarekin heldu ziren azkeneko saiora bi gazteak. Ordura arteko proba guztiak Erasunek irabazi zituen, baina Larretxeak epaiekin ez zuen asmatu ordura arte. Lan luzean, lau kana-erdiko moztu behar zituzten, eta Larretxea nagusitu zen. Berako gazteak, ordea, epaiekin asmatu ezinik segitzen zuen, eta zuen aldea ia guztiz galtzen zuen enbor bukaeratan. Hala ere, azken lana 11 minutu eta lau segundotan akautu zuen Larretxea gazteak, eta 11 minutu eta 30 segundotan Erasunek. Baina 26 segunduko alde hori ez zen aski izan Oihanek txapela janzteko. Lan guztiak burutu ahal izateko, 16 minutu eta 4 segundo behar izan zituen Ander Erasunek, eta 16 minutu eta 21 segundo Larretxeak, 17 segunduko aldea beraz, aurtiztarraren alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!