Jon Almandoz beratarra nagusitu da Doneztebeko 4x4 Auto Trialean

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Ezkerrean Jon Almandoz irabazlea; goian antolakuntzan lanean aritu zirenak eta beheitian auto trialeko momentu bat ageri da. TTIPI TTAPA

33 gidari nafarrek parte hartu zuten

Doneztebeko 4x4 autoen triala egin zen lehendabiziko aldiz maiatzaren 31n, Aparan industrialdean. Inguruko gidariak biltzen dituen Erroila Rasin klubak antolatu zuen, eta Pitti eskabazioak, Zoansa eta Arincar 4x4ren ekimena izan zen. Egun euritsua izan zen eta lohi handia sortu zen Aparanen. Guztira 36 auto gidarik eman zuten izena, baina 33k parte hartu zuten. Parte-hartzaile guziak Nafarroakoak ziren, gehienak inguru honetakoak, baina baita Zangoza edo Sakana aldetik etorritakoak ere. Sailkapen ezberdinak egin ziren, autoak seriekoak edo prototipoak ziren kontuan hartuz, eta hauen artean, gurpilen neurrien arabera. Halere, sailkapen orokorra kontua hartuz, Berako Jon Almandoz izan zen irabazle. Bigarren postua Aresoko Josu Pellejerok eskuratu zuen eta hirugarrena Sakanako Mikel Ixelak. Ez ziren saritu bakarrak izan. Antolatzaileen erranetan, lanik handiena gidari eroenari emandako saria erabakitzeak eman zuen, gehienek ere horretarako merituak egin baitzituzten. Azkenean, Legasako Iker Oteizak eskuratu zuen. Bertako gidari onenari emandako saria Oizko Koldo Mindegiarentzat izan zen. Sariak sari, partehartzaileek nahiz ikusleek ederki pasatu zuten proba ikusgarri honetan eta seguru heldu den urteko bigarren edizioa prestatzen hasiak direla Erroila Rasin taldekoak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun