Ikastolako bigarren, hirugarren eta bosgarren mailako haurrek diskoa enregistratu dute berriki. Biltzen dituen zazpi kantuen lantzeko zenbait laguntza behar izan dute, guraso eta lagunena batez ere. Enregistramenduak Berako estudioetan egin dituzte eta jadanik prest dute heldu den igandean plazan aurkezteko, ikastolaren bestaren karietara.
Urteak joan, urteak etorri, ikastolaren besta erearoko hitzordu nagusietariko bat bihurtu da. Aurten ere Sagarno Egunarekin ospatzea hautatu dute. 11:00etatik 20:00ak arte txotx egiteko aukera izanen da sei sagardo egileren eskutik.Goizean bertsolariak ongi etorria kantatu eta gero, ikastolako haurrek ikuskizuna eskainiko dute, eta ondotik bazkaltzeko tenorea izanen da. Sagarno Eguna izaki, sagardotegiko menua izanen da: bakailao omeleta, txuleta eta guzi 22 eurorentzat. Bertsoen entzuteko aukera ere izanen da hor izanen baitira Patxi Iriart, Mizel Mateo, Julen Zelaieta eta Karlos Aizpurua. Bazkalondoan, 17:00etan, haurrek haien diskoa aurkeztuko dute, eta ondotik lekua Los Mosquitos taldeari utziko diote. Bertzalde, ez dute aspertzeko astirik izanen eguerditik goiti puzgarriak izanen baitituzte frontoian.
Ikasturte bukaerako ateraldiak
Ikasturtea finitzekotan da, eta jadanik hasi dira ateraldiak. Ama ikastolako ttikienak Zugarramurdira joanen dira ortzegunetik ortziralerako gaua pasatzera. Heldu den astean, berriz, ama ikastolako azken urtekoen eta lehen mailako lehen urtekoen txanda izanen da. Haiek urrunago joanen dira, Oriora, alegia, hiru egunentzat asteazkenetik ortziralera.