Amaia Elizagoien 14 urte artekoen Nafarroako eskolarteko txapeldun

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Maiatzaren 31ko Bertso Eskolen Egunean parte hartu zuten ikasle eta irakasle batzuk ageri dira argazkian. TTIPI TTAPA

14 eta 18 urtekoen kategorian Josu Sanjurjok bigarren saria lortu du

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, Nafarroako Bertso Eskoletan aritzen diren gaztetxoek haien eguna egin zuten Larraintzarren maiatzaren 31n. 50 haur eta gaztetxo bildu ziren aurtengo Bertso Eskolen Egunean.

Egun horretan jokatu zen 14 urte artekoen eskolarteko txapelketaren finala eta txapela eskualdera etorri zen, Baztanera. Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoien nagusitu zen eta bigarren postua Iruñeko Haizea Berueterentzat izan zen. Manolo Arozena, Bittor Elizagoien eta Juan Mari Lopez bertsolariek finalean parte hartu zutenei kopak eta sariak banatu zizkieten.

Finalean parte hartu zuten eskualdeko gainerakoak hauek izan ziren: Martxel Intxausti (Leitza), Lesakako Maddalen Lopez, Aitor Altzugarai, Ibon Txoperena eta Gorka Sanjurjo eta Narbarteko Sukil Etxenike. Finalaz gain, jolasak, bertsoak eta karaokea izan ziren.

Bertzalde, ekainaren 5ean jokatu zen Iruñean 14 eta 18 urte bitarteko eskolarteko txapelketako finala. Nafarroa osoko 12 bertsolari gaztek hartu zuten parte. Eskualdeko ordezkariak Patxi Castillo (Bera); Ioar Tainta (Lesaka); Josu Sanjurjo (Lesaka); Irati Arrieta (Sunbilla); Maialen Belarra (Doneztebe); Egoitz Gorosterrazu (Ituren) eta Iker Gorosterrazu (Ituren) izan ziren, eta bigarren saria ailegatu zen eskualdera. Josu Sanjurjok eskuratu zuen. Saioa Alkaiza irabazle antsoindarrarekin batera Euskal Herriko eskolarteko bertsolarien finalean parte hartuko du. Ekainaren 21ean izanen da hori, Altsasun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun