Arkupeak Elkarteak uztailaren 2ra gibeleratu du urteroko besta

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Garraiolariek iragarritako autobusen grebaren beldur hartu dute erabakia

Aitzineko ttipi-ttaparen alean iragarri bezala, Arkupeak Erretiratu eta Jubilatuen Elkarteak ekainaren 4an egitekoa zuen Gorraizen urteroko besta haundia, Urrezko eta Diamantezko Ezteiak egin dituzten senar-emazteak eta 85 urte bete dituzten bazkideak omentzeko. Bada, besta hori uztailaren 2ra gibeleratzea erabaki zuten, autobus gidariek ekainaren 3rako deitua zuten grebaren beldur. Hala ere, azkenean bertan behera gelditu zen garraiolarien greba. Bazkideak Gorraizera hurbiltzeko zailtasunak izanen lituzketela pentsatuz, besta eguna uztailaren 2ra gibeleratzea erabaki zuen Arkupeak Elkarteak.

Egitaraua berdin-berdina izanen da; meza entzun ondotik banan-bana oroigarriak banatuko dira. Aurten guztira, Urrezko Ezteiak bete dituzten 12 bikotek jasoko dute omenaldia; Diamantezko Ezteiak egin dituzten bertze bi bikotek; eta 85 urte bete dituzten 39 lagun ere omenduko dira.

Lourdesera Heldu den astean

Bertze aldetik, Arkupeak Elkarteak eta inguruko zenbait apaizek elkarlanean bi eguneko bidaia antolatu dute Lourdesera. Hurrengo astean izanen da, astearte eta asteazkenarekin, ekainaren 17an eta 18an. Lourdesera egiten diren bidaien ohiko egitaraua izanen da honetan ere, hori bai, gau bat emanen dute Lourdesen. Hartara, suzirien prozesioan parte hartzeko aukera izanen dute. Bidaiaren prezioa, logela bikoitzean 80 eurokoa izanen da eta bakarkako logelan, bakarren bat aukeran baldin badago, 95 eurokoa. Horrez gain, uztailean Kantabriako Puente Viesgoko bainuetxera joanen dira zortzi egin pasatzera, 9tik 17ra. Azkeneko 20 urteotan elkarteko bazkideengan ohiko bihurtu den bidaia da Kantabriako bainuetxe honetara joatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun