Azken hiru hilabetetako beheitiko joera mantendu du langabeziak eta %5,14 beheiti egin du eskualdean maiatzean. Zehazki, maiatz hondarrean 591 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emandakoak, apirilean baino 32 guttiago.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 392 kontratu egin ziren apirilean, baina horietatik 58 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak. Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak, baina aldi berean, beraiek dira langabeziaren jautsiera gehien sumatu dutenak. 25 urtez goitiko 313 emakume daude langabezian eskualdean, apirilean baino 36 guttiago. 25 urtetik goitiko 197 gizaseme daude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 7 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean, 33 emakume daude langabezian, apirilean baino bat guttiago. Beraz, adin tarte horretako gizonen artean bakarrik igo da langabezia: 48 dira langabetuak, joan den hilabetean baino 12 gehiago.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du langabetu gehien biltzen, 368 langabeturekin, apirilean baino 34 guttiago. Industrian 140 langabetu daude; eraikuntzan 39; nekazaritzan 13. Beraz, aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean igo da.