Ekainaren 20an aurtengo ikasturteari amaiera emanen diote herriko eskolako ikasleek eta hor hasiko da guraso aunitzen arazoa. Jakina da gurasoek ez dugula gure umeek bezainbertze opor egun izaten eta udako hilabeteetan irtenbide bat bilatu behar izaten dugu. Aurtengoan uztaila eta abuzturako ludoteka zerbitzua jarriko da. Herriko bi neska gaztek, Izaro Altzuri eta Natalia Arretxeak, Udalari udako ludoteka jartzeko proposamena egin zioten, eta hau aldi berean, Guraso Elkartearekin harremanetan jarri zen. Herriko gurasoen artean inkesta bat egin ondoren proiektuarekin aitzinera jarraitzea erabaki zen.
Ludoteka zerbitzua astelehenetik ortziralera izanen da, 9:00etatik 13:00ak arte eta hilabeteko 60 euro gostako da Guraso Elkarteko bazkide direnentzat eta 65 euro bazkide ez direnentzat. Abuztuko San Tiburtzio bestetako astean ez da ludoteka zerbitzurik izanen eta horren ordez iraileko lehen astean izanen da. Dagoeneko izen emateak eginak daude baina oraindik ere norbait interesatua balego, ekainaren 15a baino lehen Guraso Elkarteari jakinarazi beharko dio.