Gasna eta Artisau Feria arrakastatsua

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

TTIPI TTAPA

«Zein da sorpresa? Zuk badakizu zerbait? Zerbait aditu dut, baina…». Goizean goizetik jendea erreparoan zegoen. Aurtengo Gasna Feria Eguneko sorpresa zein zen jakin nahi zuten denek. Eta ez zuten aunitz esperatu behar izan, Zubietako joaldunak goizean goiz agertu baitziren plaza bazterrera. Eskulangile eta artisau batzuen lanarekin batera, eurena izan zen atentzio gehien erakarri zuen ekitaldia. Herri osoan barna ibili ziren joareak astitzen, eta plazan erakustaldi ttiki bat eskaini zuten. Jendeak txalo artean hartu zituen, eta haurrak argazkiak ateratzen aritu ziren etengabe. Sorpresa ederra izan zen. Jende parrasta ibili zen egun osoan, eta antolatzaileen erranetan, hagitz gustura gelditu dira Gasna Feriaren XVI. edizioak izandako martxarekin. Gasna lehiaketan 17 gasnak parte hartu zuten, haurrentzako tailerrak izan ziren goiz osoan, inguruko herri gehienetatik jende franko etorri zen, talo multzo bat saldu zen, eta urtero bezala, herriko emakumeek eskulan-erakusketa ederra paratu zuten Kultur Etxean. Ez zuen deusek hutsik egin. Trikitilariek saio bixi eta alaia eskaini zuten erdi euripean. Eguerdian 120 lagun inguru bildu ziren frontoiko herri bazkarian, eta arratsaldean, Andre Mari Dantza Taldeko dantzari nagusiek aho zabalik utzi zituzten plazan bildutako guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun