Bertizko Jaurerriko Natur Parkean dagoen Naturaren Interpretazio Zentroa itxita dago maiatzaren 27az geroztik, eta hala egonen da uztailaren 31 bitarte, bere edukiak berritu ahal izateko. Dena den, tarte horretan, lorategia nahiz parkeko gainerako gunean irekiak daude jendearentzat.
Interpretazio Zentroa Tenientetxea baserrian dago eta urtero 30.000 pertsonek bisitatzen dute. Zentroaren helburua parkearen balio naturalak bisitariei ezagutaraztea eta ulertaraztea da. Orain, Nafarroako Gobernuaren eta Caixa Fundazioaren arteko hitzarmenaren ondorioz, Tenientetxea egokitzeaz gain, bere edukiak erabat berrituko dira. Lanen aurrekontua 210.000 eurokoa da eta arestian aipatutako bi erakunde horiek finantzatuko dute.
Baserrian egin beharreko lanei dagokienez, oztopo arkitektonikoak ezabatuko dira, teilatua moldatuko da, komunak berrituko dira eta ingurumenarekin errespetagarriagoa den biomasa kaldera bat instalatuko da.
Edukien alorrean ere aldaketak eginen dira, natur eremuen kontserbazio estrategia berriei egokituz. Gisa berean, paneletan biltzen den informazioa eguneratu nahi da eta hizkuntz aniztasunaren formatuetara egokituko da. Erakusketetarako baliabide modernoagoak eta mantenimendurako eta aldatzeko errazagoak ere paratu nahi dira.
Bisitariek gehien baloratzen duten baliabidea —bigarren solairuko ikusentzunekoa— teknologia berrietara egokituko da eta ikusentzulearekin elkar eragite handiagoa bilatuko du.
Bertizko Natur parkea Natura 2000 sareko partaidea da eta abudo, Erabilera eta Kudeaketarako Plan Gidaria onartuko da. Berriki, Turismo Kalitatearen Q Ziurtagiria ere berritu du Bertizko Parkeak, bisitariei eskaitzen dien zerbitzuari abala ematen dion ziurtagiria.
2007an, Nafarroako Gobernuaren eta Caixa Fundazioaren arteko akordioaren bertze ekimen bat egin zuten Bertizko Parkean, zentzumenen ibilbidea osatuz. Adina edo egoera fisikoa edozein dela ere, ibilbidea denei eskaintzen zaie horrela.