Ikasturtea akautzear dago eta laster gure etxeko txikienek denbora libre aunitz izanen dute. Hau bete eta ongi pasatzeko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Dindaia Fundazioaren laguntzaz, udaleku irekiak antolatu ditu. Udaleku irekien helburuak honako hauek dira: - Elkarrekin ongi pasatzea lagun-giroa sortuz. - Euskararen erabilera sustatu eta bultzatzea, euskarekiko motibazioa sortuz. - Inguruarekiko errespetua lantzea. - Aisia eta hezitzaile, partehartzaile, kultur anitz eta hezkidean ulertzea. - Sormena lantzea - Haur bakoitzari autonomoa izaten laguntzea.
3 eta 12 urte artekoentzat
Udaleku irekiak bi adin tarteko neska-mutikoentzat antolatu dira aurten. Lehen multzoan 3-9 urte artekoak sartzen dira eta hauek udaleku irekiak eginen dituzte eta bigarrenean, hau da, uda-ero egitasmoan parte hartuko dutenak 10-12 urte artekoak dira. 10 laguneko begirale bat izanen da eta adinaren arabera, talde desberdinak eginen dira. Astelehenetik ostiralera eginen dira goizeko 10etatik 12etara. Denetara 20 saio eginen dira, beraz, 60 orduko iraupena izanen du. Udaleku irekiak Bera eta Etxalarren eginen dira uztailaren 7tik abuztuaren 1era eta Lesaka, Igantzi eta Arantzan uztailaren 14tik abuztuaren 8ra. Uda-ero egitasmoari dagokionez, Beran uztailaren 7tik abuztuaren 1era eginen da eta Lesakan uztailaren 14tik abuztuaren 8ra. Parte hartzaileek 60 euro ordaindu beharko dute, baina bi anai-arrebek izena ematen badute, bigarrenek 40, eta hiruk ematen badute, hirugarrenek 20 ordaindu beharko dute. Udalekuetan hainbat ekintza gauzatuko dira: erreka garbitu, antzerkiak prestatu, tailerrak, eskulanak, herri kirolak, ur jokoak, edota mendi ibilaldiak.
Baztanen udako jostaldiak
Baztango udaleko euskara zerbitzuak ere udako jostaldiak antolatu ditu. Kasu honetan, 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoei bideratuta daude. Uztaila eta abuztuan eginen dira goizeko 10etatik 13etara. Helburuak honako hauek izanen dira: - Baztango haurren arteko harremanak bultzatzea. - Baztango kultura eta natura ezagutzea. - Haurren garapen pertsonala lantzea. - Inguruarekiko jarrera positiboak sustatzea. - Beti ere, hori guztia euskaraz.
Bortz txanda
5 txanda eginen dira. Elizondo eta Iruritan ekainaren 30etik uztailaren 11era eginen dira. Erratzu eta Zigan uztailaren 14tik 25era eta Elizondon abuztuaren 1etik 14ra. Txanda bakoitzeko 65 euro ordaindu beharko dira, baina 55 euro emanen dute familia ugaria bada edo txandan anai-arreba bat baino gehiago badira. Izen ematea ekainaren 20a bitarte egin daiteke Dindaia fundazioaren 948-266240 telefonoan. Mota ezberdineko jarduerak eginen dituzte: jokoak, eskulanak, birziklatze, buztin, antzerki tailerrak, txangoak, kirola etab.