Emigranteak itzultzeko dirulaguntza emanen du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Europatik kanpo 15 edo 20 urtez bizi eta arazo ekonomikoak dituztenentzat

Jakina da gure eskualdetik jende aunitzen alde egin behar zuela XX. mendean, bizimodua bertze lurralde batean ateratzeko. Aunitz artzain joan ziren Estatu Batuetara, baina Ertamerika eta Hegoamerikako bertze herrialde batzuetan ere badute lanera joandako euskaldunen berri.

Betirako nahiz behin behinekoz bueltatzen direnentzat

Orain, sorterrira, etxera itzultzeko arazo ekonomiko nabarmenak dituzten emigrante nafarrak laguntzeko dirulaguntza deialdia egin du Nafarroako Gobernuak. Deialdi honekin, Europatik kanpo 15 edo 20 urte baino gehiago daramazkiten nafarrak eta behin betiko edo behin behinekoz bueltatu nahi dutenak lagundu nahi dira.

Eskariak ekainaren 23a baino lehen

Deialdi honen oinarriak maiatzaren 23ko Nafarroako Boletin Ofizialean argiratu ziren eta Nafarroako Gobernuak 250.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetarako. Erdia behin betiko bueltatuko direnendako izanen da eta bertze erdia behin behingoz heldu direnendako. Interesatuek Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoan aurkezten ahal dituzte eskaerak ekainaren 23a baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun