Urrezko Aizkora txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Azpeitian

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Elite eta 23 eta 18 urtez beheitikoen kategorian

21 jardunaldiren ondotik larunbat honetan, ekainaren 7an, jokatuko dira Banakako Urrezko Aizkoraren finalak Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan, arratseko 10:30etik aitzinera. Elite mailan, gaur egungo bi aizkolari handienak ariko dira aurrez aurre, Etxarriko Floren Nazabal eta Arantzako Donato Larretxea.

23 eta 18 urtez beheitikoak

23 urtez beheitiko kategorian, berriz, Jon Rekondo leitzarrak Ugaitz Mugertza, Mugertza bigarrena mutrikuarra izanen du arerio. Leitzarra izanen da faborito, baina kirolean, zorionez, ezin da deus aitzinetik egintzat eman. Kontuan hartu behar da finalerdietan Mugertzak bertze faboritoa, Aitzol Atutxa, kanporatu zuela. 18 urtez beheitiko finalean, etorkizun handiko eskualdeko bi aizkolari izanen dira: Oihan Larretxea beratarra, Donatoren semea eta Ander Erasun aurtiztarra, Mindegiaren aholkularitzapean hazten ari den aizkolaria. Hiru final ikusgarri espero dira eta Azpeitian ikusmin handia izanen da.

640 kiloko lur gaineko sokatira txapelketa

Bi asteburuko etenaldia izan ondotik, lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketari berrekingo zaio asteburu honetan. Hain justu ere, 640 kiloko txapelketako lehen jardunaldia jokatuko da Bizkaiako Kortezubin, igande eguerdiko 12etatik aitzinera. Jokatutako lehen pisua 680 kilokoa izan zen, eta horretan, Goiherrik jantzi zuen txapela. Gainera, Erandioko taldea itzuli berria da Ingalaterratik, bertako sokatira sortu zela 50. urteurreneko txapelketan esku hartu ondotik. Bizkaitarrek brontzezko domina kolkoratu zuten 640 kilokoan eta baita 600ekoan ere. Euskadiko Txapelketari dagokionez, azken orduko albiste bat ere bada. Izan ere, Goiherrik duda izan du B taldea zelairatu edo ez; azkenean baiezkoa eman du, eta sei talde ariko dira lehian. Goiherri A eta B, Gaztedi, Mutriku, Getxo eta Nafarroako ordezkari bakarra, Areso. 640 kiloko kategoria honetan bigarren jardunaldia ere Bizkaian jokatuko da, Martiartu-Goiherrin eta finala ekainaren 28an Mutrikun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun