Izaskun Goñi Bertizko Partzuergoko kudeatzaileak udaberri-uda sasoi honetan, Bertizko Partzuergo Turistikoaren baitan eginen diren ekitaldien berri eman zuen ekainaren 4an, asteazken goizean. Zenbait proposamen urterokoak dira, baina badira berriak direnak eta eskualdeari bizitasuna emateko aproposak direnak. Dena dela, lehena, Etxalarko gasna feria dagoeneko iragana dela aipatu zuen, baina zerrenda luzea aipatu zuen. Udazkeneko ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoak eginen dira aurten ere eta feriak, “Bizimoduak” izenburupean bilduko dira. Etxalarko Gasna Feria eguna, Igantziko Artzain eguna edo Bertizko artisautza eta Naturaren Feriarekin batera, lehen aldiz Elizondoko Udaberriko Feria sartu da eta Urdazubin, seguruenik abuztu erdian eeginen den ekitaldi berria: Burniaren Eguna. Santiago Bidearen inguruan, aurten lehen aldiz bide horretako etapa gidatua egin daiteke.
Pilotarekin lotutako erakusketak
Kultur ekitaldiez gain, kirolarekin loturikoak ere gogoan izan zituen. Urdazubin egiten den “Pilotaren Unibertsoa” erakusketa zabalduko da. Baztanen, zuzeneko jokuen nazioarteko jaialdi bat ere eginen da lehen aldiz. “Pilotarien bidea” izeneko egitasmoa ere aurkeztu da eta Malerreka eta Baztango zenbait herrietan izanen du oinarri.
Bisita gidatuak
Bertizko Partzuergo Turistikoak bisita gidatuak ere eginen ditu aurten. Baztango eta Etxalarko monumentu megalitikoak ezagutzeko, Mendar eta Leurtzako enbaltseak, Donamariako Jauregia… Ekainaren 15ean, Artisautza eta Naturaren bigarren feria eginen da Bertizen. Goizeko 10etatik arratseko 8etara ekitaldiak izanen dira, musika, zozketak, haurrendako jolasak…
Web orria egokituko da
Partzuergoaren promoziorako eginen diren ekitaldien artean, www.consorciobertiz.org web orriaren hobekuntza dago. Berrikuntza bezala, Elizondoko Museo Etnografikoan, Partzuergoaren zonaldeko lehen bulegoa irekiko dute. Orain proposamenaz gozatzea bertzerik ez zaigu geratzen eta ea eguraldiak babesten dituen, hori ere hagitz garrantzitsua baita.