Gizarte enplegu babesturako dirulaguntzak emanen ditu Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 4a

Bazterketa egoeran dauden pertsonak lanean hasteko laguntzak dira

Nafarroako Gobernuak 4 milioi euro eman ditu, aurten, tokiko 38 erakundek eta gizarte ekimeneko 2 erakundek aurkeztu dituzten gizarte enplegu babestuaren 40 proiektuetarako. Aurten, 383 plaza izanen dira, guztira, eta 681 laguni lana ematea aurreikusten dute. 392 emakumeak izanen dira (%57,57) eta 289 gizonak (%42,43). Kontratuen guztizko iraupena 4.242 hilabetekoa izanen da. Eskualdeko udal eta mankomunitateei dagokienez, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranono Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 70.416,19 euro jasoko ditu; Baztango Udalak 58.078,82 euro; Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak 153.323,73 euro; Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 146.388,21 euro.

Aurrekontua %20 igo da

Gizarte enplegu babestuaren programarako aurrekontua %20,12 handitu da, eta hartara, diru laguntza plaza gehiagotarako eman ahal izan da eta kontratuen iraupena luzatu ahal izan da. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da gizarte enplegu babestua gizarteratzeko neurri aktibo eraginkorrenetako bat dela. Gainera, Europar Batasunak enpleguaren bidezko gizarteratze aktiboa gomendatzen du, batik bat, bertako herrialdeetan gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko politiken baitan. Programaren erabiltzaile aunitzentzat laguntza ekonomikoak jasotzearen ordezko aukera da. Beraz, gizarteratzeko modu pasiboen ordezko aukera da gizarte enplegu babestua. Programak, gainera, pertsonak lanean aritzea ahalbidetzen du, eta hortaz, pertsonen autoestimua eta parte-hartze maila handitzen dira eta ordaindutakoaren araberako pentsioak jasotzeko eskubidea lortzen dute.

Gizarte enplegu babestuaren programa

Nafarroan gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko Planean pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko aurreikusitako neurrietako bat gizarte enplegu babestua da. Gizarte bazterketa egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonentzat, modu normalizatuan laneratzeak zailtasun gehigarriak ditu, eta horiek gainditzeko kanpo sostengua behar da: gizarte laguntza, profesional anitzeko taldeen eskutik; egin beharreko lana erabiltzaileen egoerari eta gaitasunei egokitzea; gizarte eta lan gaitasunen arloko prestakuntza; eta trebakuntza, bertzeak bertze. Azkenik, gogoan izan behar dugu 2007az geroztik lanbide arteko gutxieneko soldata erabiltzen dela, berriro ere, laguntzak kalkulatzeko oinarri gisa, eta ondorioz, laguntzen zenbatekoak nabarmen egin duela goiti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun