Langabeziak %5,14 beheiti egin zuen maiatzean eskualdean

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 4a

591 langabetuk izena emana zuten Doneztebeko Enplegu Bulegoan

Azken hiru hilabetetako beheitiko joera mantendu du langabeziak eta %5,14 beheiti egin du eskualdean maiatzean. Zehazki, maiatz hondarrean 591 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, apiril hondarrean baino 32 guttiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 392 kontratu gauzatu ziren apirilean, baina horietatik 58 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.

Adina eta sexuaren arabera

Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak, baina aldi berean, beraiek dira langabeziaren jautsiera gehien sumatu dutenak. 25 urtez goitiko 313 emakume daude langabezian eskualdean, apirilean baino 36 guttiago. 25 urtetik goitiko 197 gizaseme daude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 7 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean, 33 emakume daude langabezian, apirilean baino bat guttiago. Beraz, adin tarte horretako gizonen artean bakarrik igo da langabezia: 48 dira langabetuak, joan den hilabetean baino 12 gehiago.

Aitzinetik lanik egin gabekoen artean langabezia igo da

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 368 langabeturekin, apirilean baino 34 guttiago. Industrian 140 langabetu daude, apirilean baino 1 guttiago. Eraikuntzan ere beheiti egin du langabeziak eta 39 langabetu daude, apirilean baino 3 guttiago; nekazaritzan ere beheiti egin du langabetu kopuruak, 13 baitira langabetuak, apirilean baino 2 guttiago. Beraz, aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean igo da langabezia maiatzean, 31 langabetu baitaude eskualdean, apirilean baino 8 gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun