Autobus gidarien greba bertan behera gelditu da

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 4a

Lau urteko hitzarmena adostu dute enpresa buruekin

Justu-justu, baina azkenean adostasuna lortu zuten Nafarroako autobus gidariek eta ANET Nafarroako Garraio Enpresaburuen Elkarteak. Astelehen arratseko 9:30etan, lau urterako hitzarmena adostu zuten eta bertan behera gelditu zen asteartetik, ekainaren 3tik aitzinera Nafarroako autobus gidariek egitekoa zuten greba mugagabea. Ohikoa ez izan arren, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deitu zuten grebara, lan hitzarmen berria eskatzeko.

Esperoan dauden ordua, gidatzen daudena bezala kontatuko da

Bertzeak bertze, presentzia orduak lan eraginkortzat hartzea lortu dute. Izan ere, orain arte gidariek esperoan egon behar zuten ordua laneko ordu erdi bezala bakarrik kontatzen zitzaien. Aurten oraindik ere erdia kontatuko zaie, baina heldu den urtean %75ª eta 2010etik aitzinera %100. Gaixoaldiak %100 konputatzea ez dute lortu, bai, ordea, %50. Soldatei dagokienez, 2008rako KPI gehi 0,5 igotzea hitzartu dute, 2009rako KPI gehi 0,6, 2010erako KPI gehi 0,7 eta 2011rako KPI gehi 1,31.

Nafarroan 800 gidari

700-800 pertsonei eragiten die akordioak. Bertzeak bertze, egunero Nafarroa barneko nahiz handik kanpoko garraioan aritzen diren autobus gidariei, nahiz eskola garraioan eta antzeko beste hainbat zerbitzutan aritzen diren gidariei. Datozen lau urteotan egonen da indarrean, eta iraupen horrek eragin du negoziazioetan arazo gehien. Izan ere ANETek akordio luzea nahi zuen, eta langileek laburragoa, bi urtekoa.

Sorpresa izan da grebarako deialdia bertan behera gelditzea. Nafarroako Gobernuak, kasu, joan den astean bertan zerbitzu minimoak zein izanen ziren ere jakinarazi zuen. Bertzeak bertze, eskoletako zerbitzuen%100 eta zerbitzu erregularren %40 bermatu zituzten. Horrek ere sindikatuen haserrea eragin zuen, neurriak «gehiegizkoak» zirela erran baitzuten. Arkupeak elkarteak ere, ekainaren 4ean egin behar zuen urteko besta uztailaren 2ra gibeleratu du grebaren beldur. Azkenean, dena den, ez da grebarik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun