Joan den asteburuan, Europako kamioi lasterketa zirkuitoko bigarren asteburua izan zen Missanon, Italian, eta bertan parte hartu zuen Doneztebeko Ederki eskuderiak ere, Javier Mariezkurrenak gidatutako MAN kamioiarekin. Eguraldi bikaina izan zuten asteburuan Italian, eguzkitsua, eta espero bezala, jende aunitz bildu zen zirkuituan, 40.000 ikusle inguru. Mariezkurrenaren kamioiak arazoak izan zituen aste hondar osoan, arazo elektronikoak batez ere eta Man enpresak ezin izan zituen moldatu. Ekainaren 7 eta 8an Albaceten eginen den lasterketarako arazoak moldatu eta kamioia prest izatea espero du Doneztebeko taldeak. Kamioiak ez zuen Bartzelonako karreran izan zuen potentzia eta ezin izan zuen orduko 158 kilometroko abiadura inoiz ere gainditu. Gainera, larunbatean, gurpilek ez zioten ongi heltzen asfaltoari. Iganderako arazo hori moldatu zuten.
Lasterketa interesgarriak
Kontuak kontu, Italiako lasterketak aski interesgarriak izan ziren Mariezkurrena gidariarentzat eta Ederki eskuderiarentzat. Larunbatean hamekagarren postuan akautu zuten eta igandean, suspentsio arazo batzuk moldatu ondotik eta nahiz eta arazo elektronikoekin segitu, meritu handiko bederatzigarren postua lortu zuten. Karrera ederra egin zuen Mariezkurrenak, publikoarentzat ikusgarria: aurreratze beldurgarriak egin zituen, frenatze estu-estuak, eta azken batean, kamioiak eskaintzen zizkion baldintzak kontuan hartuz, ahalik eta gehiena aprobetxatu zuen.
11 puntu Europako txapelketan
Asteburuko puntuak kontuan hartuz, Europako txapelketan dagoeneko 11 puntu ditu Mariezkurrenak eta joan den denboraldi osoan 9 bertzerik ez zituen pilatu. Espainiako txapelketan berriz, lehenbiziko postuan dago Mariezkurrena, Europako txapeldun izan den Antonio Albaceteren aitzinetik. Prentsa Elkarteak antolatzen duen txapelketan ere sailkapen buruan dago Doneztebeko taldea.