Doneztebeko 4x4 autoen lehen triala egin zen larunbat arratsaldean Aparan industrialdean. Inguru honetako gidariak biltzen dituen Erroila rasin klubak antolatu zuen, Pitti eskabazioak, Zoansa eta Arincar 4x4 ekimena izan da auto-trial hau.
33 gidari
Egia errateko, antolatzaileek ez zuten mangeraren beharrik izan, larunbatean bota zituen euriekin lohi ederra baitzegoen Aparanen. Guzira 36 auto gidarik eman zuten izena, baina 33k parte hartu zuten. Partehartzaile guziak Nafarroakoak ziren, gehienak inguru honetakoak, baina baita Zangotzat edo Sakana aldetik etorritakoak ere. Sailkapen ezberdinak egin ziren, autoak seriekoak edo prototipoak ziren kontuan hartuz eta hauen artean, gurpilen neurrien arabera.
Berako Jon Almandoz garaile
Halere, sailkapen orokorra kontua hartuz, Berako Jon Almandoz izan zen irabazle. Bigarren postua Aresoko Josu Pellejerok eskuratu zuen eta hirugarrena Sakanako Mikel Ixelak. Ez ziren saritu bakarrak izan. Antolatzaileen erranetan, lanik handiena gidari eroenari emandako saria erabakitzea izan zen, gehienek ere horretarako merituak egin baitzituzten. Azkenean, Legasako Iker Oteizak eskuratu zuen. Bertako gidari onenari emandako saria Oizko Koldo Mindegiarentzat izan zen.
Sariak sari, partehartzaileek nahiz ikusleek ederki pasatu zuten proba ikusgarri honetan eta seguru heldu den urteko bigarren edizioa prestatzen hasiak direla Erroila Rasin taldekoak.