Errekaren Eguna euripean ospatu zen larunbatean Donezteben. Eguraldi euritsuak, kanpoan egin beharreko ekitaldiak zapuztu zituen eta bertze zenbaitek aterpea bilatu behar izan zuten. Halere, eguzkiak lagunduta hagitzez egun borobilagoa aterako zen arren, eguraldi kaxkarrari aurpegi ona jarri eta antolatutako ekitaldi gehienak aitzinera atera ziren. Goiza animatua izan zen kiroldegian, Errekako gazteen arteko eskubaloi partidak jokatu ziren. Alebin neskak, alebin mutikoak eta infantil neskak aritu ziren. Oskar Mindegiak gidatzen duen Errekako judo eskolakoen erakustaldia ere aski polita izan zen.
Herriarteko pilota txapelketa
Arratsaldez ere neska eta mutiko kadeteen eskubaloi partidak jokatu ziren eta Herriarteko Pilota Txapelketako kanporaketa jokatu zuten Doneztebe eta Iruñak. Halere, zenbait pilota partida suspenditu behar izan ziren, Doneztebeko pilotariren bat edo bertze azaldu ez zelako. Honela, alebin mailan, Doneztebeko Imanol de Ruedak eta Josu Mitxeok 2 eta 18 galdu zuten Iruñeko Espinal eta Anduezaren kontra. Infantil mailan jokatu beharreko partida bertan behera gelditu zen, Josu Telletxea ez baitzen agertu hitzordura eta bertze horrenbertze gertatu zen jubenil mailan ere, Ugutz Zelaieta ez baitzen kantxaratu. Honela, bi partidak hutsean galdu ditu Doneztebek. Nagusien mailan izan zen partidatik ikusgarriena, lau pilotariek partida ikaragarria jokatu baitzuten. Doneztebeko Anguita eta Madariaga 6 eta 0 irabazten hasi ziren Olangua eta Okiñenaren kontra. Hauek partida berdindu eta orekatua joan zen. Halere, Iruñekoak 14 eta 19 aitzinetik paratu eta bazirudien aisa eramanen zutela partida, baina sei eta hutseko partzialarekin, 20 eta 19 irabazten paratu zen Doneztebeko bikotea. Baina azken hiru tantuak segidan egin zituen Iruiñeko bikoteak. Beraz, azken markagailuan, Doneztebeko Anguita eta Madariagak 20, Iruñeko Olangua eta Okiñenak 22.
Eskubaloi talde nagusiak, Niko Mindegiarekin, irabazi egin zion TID San Antoniori
Arratsaldeko 18:30ak aldera, eguneko kirol ekitaldi nagusia izan zen. Errekako eskubaloi talde nagusia, Lehen Mailan ari den Tid San Antonioren aurka aritu zen. Aipatzekoa da TID San Antonio taldeak kopa irabazi zuela joan den asteburuan eta bertan ari direla Indabere eta Meoki doneztebarrak. Halere, Errekak partida irabaztea lortu zuen, baina onartu behar da, Niko Mindegia ere Doneztebeko taldearekin aritu zela. Gainera, hiru jokalari handi hauek, Indabere, Meoki eta Mindegiak, Errekaren omenaldia ere jaso zuten. Arratseko afaria Santa Luzia Plazan egitekoa baldin bazen ere, azkenean eliz atarian egin behar izan zen. Halere jendea kontent gelditu zen. Jalisko Band taldearen dantzaldia ere leku berean egin zen, euriak ez baitzuen gelditzeko asmorik.