Baztan gasnategiak irabazi zuen Etxalarko XVI. Gasna lehiaketa

ttipi-ttapa 2008ko ekainaren 2a

Gasna ferian saritutakoak. TTIPI TTAPA

17 gasna aurkeztu ziren feriara

Igandean, ekainaren 1ean, gasna feri eguna ospatu zen Etxalarren. Azken egunetan egindako eguraldi kaxkarrak nolabaiteko atsedenaldia hartu zuen, eta erraten ahal dugu, ez zela hain gaizki portatu. Herriko frontoi ederra aprobetxatu zen ekintza guztiak osatu ahal izateko. Besta antolatzerakoan adin guztiak kontuan hartzen dira eta txikienek ongi pasatzeko aukera izan zuten. Papera eta errotulagailuak hartu, eta zuritasuna kolore eta irudiekin estali zuten. Hala, sormen tailerrak izugarrizko arrakasta izan zuen. Baina haurrak ez ziren bere kasa aritu, beti tailerreko gidariak lagun izan bai zituzten lanak nola egin behar zituzten behar bezala adierazteko. Beste batzuk, kartulina eta kolarekin benetako artelanak egin zituzten. Imajinazioa aski izaten da ongi pasatzeko eta hori ausarki dute gure haurtxoek.

Eskulanak

Baina sormen tailerraz gain, bertzelako esku lanak ere ikus zitezkeen frontoian. Belarritako, lepoko, giltzari eta bestelako bitxiak oso erakargarriak izaten dira jendearentzat. Froja lanean ere, gure eskualdean hain ezaguna den Pedro Zapata aritu zen. Bere lana nola egiten duen erakutsi zuen eta horretarako labea, mailua eta ingudea beharrezko gailuak izaten dira. Gezurra dirudi zenbat gauza osa daitezkeen eta zein bitxiak izan daitezken. Egurra lantzen, baina kasu honetan, kaikuak egiten aritu zen Santi Oteiza. Gauza ederra da lana nola egiten duten ikustea, agian gehiago balora daitekeelako zenbat denbora behar duten pieza bat osatu ahal izateko. Baina kaikuez gain, eskalapruinak eta gasnarekin zerikusia duten beste gailuak ere eraman zituen. Zeramikak ere arrakasta handia izaten du. Harria lantzea ez da hain ohikoa izaten, baina hau ere ikus ahal izan zuten Etxalarrera hurbildu zirenek. Eta eskulanek arrakasta badute, zer erran jakiei buruz? Etxalarko etxeko ogia ikus eta eros zitekeen eta zareto beteak erabat hustu ziren goiza pasa ahala. Heraldika lanean aritzen dira Doneztebeko Olaizolatarrak eta hauek ere bere erakus mahaia paratu zuten. Biana bestelako lanekin ere ausartzen direla erakutsi zuten. Gozoak ere baziren eta hauek eta hauek bai zail geratzen dela ez probatzea! Etxalarko ezti gozoa ere eraman zuen Santiago Mitxeltorenak. Eguraldi txarraren eragina arintzeko, primerakoa! Oiartzundik lore idorrak ekarri zituzten. Gezurra dirudi zer nolako koadroak egin daitezkeen mimo eta esku onarekin. Gorputz garbiketa eta larru arazoentzat xaboiek ere bere tartea hartu zuten, eta nola ez, baita ukenduek ere! Gasna feria aitzakia polita izan daiteke Nafarroa Oinezeko materiala salgai jartzeko. Giro polita izan zen eta eguerdi partean, Zubietako joaldunek saiotxoa eskaini zuten. Lehenik, tarte koxkorra hartu zuten beraien jantziak eta joareak ongi jarri arte. Ondotik, frontoi inguruan izpiritu txarrak uxatu zituzten.

17 gasna aurkeztu ziren

Gasna feria izaki, gasna ere eraman zitekeen etxera eta jendeak eskuratu baino lehen dastatu egiten zuen. Altxata kultur elkartea da gasna feriaren antolatzailea eta igandean jo-ta-ke lanean aritu ziren elkarteko kideak, baita taloak egiten ere. Bitartean, gasna lehiaketako epaileek nahiko lan zuten denak dastatu eta puntuaketa ematen. Mahai gainean gasnez gain, ura, ardoa eta sagarrak zituzten zaporeak ongi bereizi ahal izateko. Aurten Maria Oneka, Mixel Aire, Aurora, Txomin Arranbide eta Patxiku Irisarrik osatu dute epai mahaia. Kanpoko itxura, zaporea, textura eta bertze hainbat gauza kontuan hartu zituzten. Aurten denetara 17 gasna aurkeztu dira lehiaketara. Eguerdian, gasna feriaren sari banaketa egin zen. Lehen saria Baztan gasnategiak eraman zuen oroigarria eta 120 euro eskuratuz; bigarrena Berako Sokorro Almandozek kopa eta 90 eurorekin eta hirugarrena Etxalekua gasnategiak oroigarria eta 75 eurorekin. Beti bezala, Etxalarko gasnek ere bere saria jaso zuten. Aurten lehena Intzakobordako Josetxo Ariztegik eraman zuen, kopa eta 50 euro jasoz eta bigarrena Basateko bordako Isidro Ariztegik, kopa eta 30 euro eramanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun