Nafarroako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da larunbatean Larraintzarren

TTIPI TTAPA 2008ko mai. 30a, 14:19

14 urte arteko eskolarteko txapelketa bertan erabakiko da

Nafarroako bertso eskoletan aritzen diren gaztetxoek haien eguna ospatuko dute larunbatean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta. Gaur egun. 24 talde biltzen duen 11 bertso eskola daude Nafarroan. Aurten Iruñeko Bertso Eskola jarri da martxan eta gogoz ari dira lanean. Bertso Eskoletan aritzen diren guztien bilgune izanen da aurtengo Bertso Eskolen Eguna, maiatzaren 31ean Larraintzarren, Ultzaman. Horrez gain, 14 urte artekoen eskolarteko finala ere jokatuko da.

14 urte artekoen finala

Goizeko 11:00etan ongi etorria eginen zaie bertso eskolei. 11:30ean, hamalau urte artekoen eskolarteko finala jokatuko da eta hamabi finalistetatik aunitz eskualdekoak izanen dira. Honela, Leitzako Martxel Intxausti, Lesakako Maddalen Lopez, Aitor Altzugarai, Ibon Txoperena eta Gorka Sanjurjo, Narbarteko Sukil Etxenike eta Oronozko Amaia Elizagoien ariko dira, Iruñerriko Haizea Beruete, Eider Azkoaga, Endika Legarra, Idoia Saez eta Miren Valdesekin batera. Finalaren ondotik, eguerdiko 13:00ak aldera bazkaria eta jolasak izanen dira. Aipatzekoa da bazkaria norberak eraman beharko duela, baina edaria eta postrea bertan izanen direla. Arratsaldeko 15etan, kantu eta karaoke saioa izanen dira eta itzulerako autobusak arratsaldeko 5etan abiatuko dira Larraintzardik.

14 eta 18 urte artekoen finala ekainaren 5ean Iruñan

Aipatzekoa da heldu den ortzegunean, ekainaren 5ean, 14 eta 18 urte artekoen eskolarteko finala jokatuko dela Iruñean, arratsaldeko 6:30etik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun