Urrezko Aizkoraren elite kategoriako bigarren finalerdia joaktuko da igandean, ekainaren 1ean, Legution, eguerdiko 12:30etik aitzinera. Donato Larretxea aranztarra eta Lezaungo Juanjo Lopez Azpilikueta izanen dira aurrez aurre. Irabazleak, Floren Nazabal izanen du esperoan Azpeitiako finalean. Legutioko jaialdia osatzeko, 2008ko ranking orokorrean zazpigarren eta zortzigarren postuak erabakiko dira Jon Rekondo leitzarraren eta Otsagabiako Daniel Vicenteren artean. Jaialdia zuzenean eskainiko du Euskal Telebistak.
Ekainaren 7an finala Azpeitian
Ekainaren 7an Azpeitian jokatuko den final nagusian, beraz, Nazabal eta Legutioko irabazlea izanen dira. 23 urtez beheitiko kategorian, berriz, Jon Rekondo leitzarrak Ugaitz Mugertza, Mugertza bigarrena mutrikuarra izanen du arerio eta 18 urtez beheitiko finalean, etorkizun handiko eskualdeko bi aizkolari izanen dira: Oihan Larretxea beratarra eta Ander Erasun aurtiztarra.
Laxoa txapelketaren zortzigarren jardunaldia
Baztan-Errekako 29. Laxoa txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. A multzoan, Arraioz B eta Doneztebe Cren arteko partida jokatuko da larunbat arratsaldeko 4etatik aitzinera Elizondon. Oitz A eta Irurita B aurrez aurre izanen dira Oizko plazan larunbat arratsaldeko 17:00etan eta ordu berean, Irurita A eta Doneztebe Bren arteko partida jokatuko da Iruritan. Aipatzekoa da, joan den astean euriarengatik gibeleratutako A multzoko partida batek segida ere izanen duela igande arratsaldeko 4etan Donezteben. Doneztebe C eta Irurita B ariko dira eta baztandarrek joku bat egina zuten partida gelditu zenean. B multzoko partidak ere jokatuko dira asteburuan. Larunbat arratsaldeko 5etan Hondarribia eta Oitz B taldeen arteko partida jokatuko da Hendaiako plazan eta larunbat arratsaldeko 6etan, Doneztebe D eta Irurita C ariko dira, nor baino nor. Igande arratsaldeko 5etan, berriz, Arraioz A eta Doneztebe Aren arteko partida jokatuko da Elizondoko plazan. Joan den jardunaldiko partidari segida emanen diote Irurita C eta Oitz Bk, igande arratsaldeko 6:30etik aitzinera. Bina zeuden partida gibeleratzea erabaki zenean.