XVI. Gasna Feria Eguna ospatuko da igandean Etxalarren

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 30a

Goizean sorpresaren bat izanen dela iragarri du Altxata elkarteak

Igande honetan, ekainak 1, eginen da Etxalarko Altxata elkarteak hamaseigarren urtez antolatutako Gasna eta Artisau Feria Eguna. Goizean goizetik, eskulangileen postuak, ekitaldi desberdinak eta besta giroa ez dira faltako. Eguerdira bitartean haurrentzako sormen-tailerrak izanen dira plazan, azken urtetan bezala. 10:30etik aitzinera artisauen erakusketa paratuko dute plazan, egurra, burdina, kristala eta bertzelako lanak egiten dituzten eskulangileekin. 12:30ean herriko trikitilarien saioa izanen da plazan. 13:30ean gasna lehiaketako sari-banaketa eginen da eta segidan, herri bazkaria frontoian. Lehiaketara gasna aurkeztu nahi dutenek 11:00ak baino lehen egin beharko dute frontoian.

Goizean sorpresa

Arratsaldean, Andre Mari Dantza Taldekoen saioa izanen da, aurten nobedade bezala, taldeko nagusienen eskutik. Altxata Kultur Elkartetik aitzineratu digutenez, «aurten sorpresa handi bat izanen da goiz partean, baina bertan egon beharko da zer den ikusteko». Jendeak espero ez duen zerbait izanen dela erran digute.

Solasaldiak

Bertze aldetik, Etxalarren egunotan egiten ari diren hitzaldi zikloekin segituz, ekainaren 4an, asteazkenean, Gorka Gorospe Orgi elkarteko kudeatzaileak mendiaren inguruko hitzaldia emanen du Kultur Etxean, 19:00etan. Ekainaren 7an, berriz, larunbata, Etxalarko txorien inguruan solastuko da Mikel Etxaniz, Itsas-enara Ornitologia Elkarteko kidea. 10:00etan izanen da hitzaldia Kultur Etxean. Ondotik, ateraldia eginen da Bagoleko Borda aldera, teorian ikasitakoa praktikan ikustera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun