Arkupeak elkarteak heldu den asteazkenean, ekainaren 4an egitekoa zuen Gorraizen urteroko besta eguna, Urrezko eta Diamantezko Ezteiak ospatzen dituzten senar-emazteak eta 85 urte bete dituzten bazkideak omentzeko. Bada, besta hori uztailaren 2ra gibeleratzea erabaki du, autobus gidariek ekainaren 3tik aitzinera konbokatu duten grebaren ondorioz. Oraindik erabat ziurtatua ez badago ere, badirudi autobus gidariek grebari ekinen diotela, enpresekin izandako bilerek ez dutelakoz orain arte emaitza egokirik izan. Nafarroa osoko autobusak geldi egonen lirateke eta guttieneko zerbitzurik ere ez litzateke izanen, itxura batean.
Egitarau bera hilabete beranduago
Bazkideak Gorraizera hurbiltzeko zailtasunak izanen lituzketela pentsatuz, besta eguna uztailaren 2ra gibeleratzea erabaki du Arkupeak elkarteak. Egitaraua berdin-berdina izanen da, hori bai kasik hilabete beranduago. Aurten guztira, Urrezko Ezteiak bete dituzten 12 bikotek jasoko dute omenaldia; Diamantezko Ezteiak egin dituzten bertze bi bikotek; eta 85 urte bete dituzten 39 lagun ere omenduko dira.
Lourdesera ekainaren 17 eta 18an
Bertze aldetik, Arkupeak elkarteak eta inguruko zenbait apezek, bi eguneko bidaia antolatu dute Lourdesera, ekainaren 17 eta 18an. Izen ematea ekainaren 2a, astelehena baino lehen egin behar da, herriko delegatuei aipatuz. Lourdesera egiten diren bidaien ohiko egitaraua izanen da honetan ere, hori bai, gau bat emanen dute Lourdesen. Horrek, suzirien prozesioan parte hartzeko aukera emanen du. Bidaiaren prezioa, logela bikoitzean 80 eurokoa da eta bakarkako logelan, bakarren bat aukeran baldin badago, 95 eurokoa.