Doneztebeko Erreka elkartearen eguna ospatuko da larunbatean

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 29a

Goiz-arratsaldez hainbat kirol ekitaldi izanen dira eta arratsean afaria

Erreka Kirol Elkarteak antolatuta, larunbat honetan, maiatzak 31, besta eguna izanen da. Errekaren Eguna Denboraldi bukaerari behar bezalako akabera emateko, goiz goizetik kirol ekitaldiak prestatu dituzte.

Mendi ateraldia, eskubaloia eta judoa goizean

Honela, goizeko 8:00etan autobus geltokitik aterata, Askineko mendi irteera eginen da. Askin, Bostorratz eta Sunbillan barna pasatuz, berriz ere Doneztebera itzuliko dira mendizaleak, bi ordu terdi inguruko ibilbidea osatu ondotik. Goizeko 10:00etan Errekako gazteen arteko eskubaloi partidak jokatuko dira. Alebin neskak, alebin mutikoak eta infantil neskak ariko dira. Eguerdiko 12:00etan Errekako judo eskolakoen erakustaldia eskainiko da. Ez da aipatu beharrik Oskar Mindegiak gidatzen duen judo eskolak azken urteetan lortutako emaitzak. Eskola honetatik ateratako judona ezagunena, Noelia Ariztia, Espainiako azpitxapeldun izan da azken bi urteetan baina horretaz gain, ttikienek ere emaitza ederrak lortu dituzte.

Eskubaloia, pilota eta… herri afaria

Arratsaldez ere bertze hainbat ekitaldi izanen dira. Arratsaldeko 16:00etan Errekako kadeteen eskubaloi partidak jokatuko dira. Lehendabizi neskak arituko dira eta ondotik kadete mutikoak. Arratsaldeko 17:00etan Herriarteko Pilota Txapelketako kanporaketa jokatuko dute Doneztebe eta Iruñak.
Alebin mailan, Doneztebeko Josu Mitxeo eta Julen Juankorenak Iruñeko Espinal eta Andueza izanen dituzte arerio.
Infantil mailan, Doneztebeko Irail Zestauk eta Josu Telletxeak Iruñeko Jaurena eta Larraiaren kontra jokatuko dute.
Jubeniletan, Doneztebeko Gaizka Bendoiro eta Ugutz Zelaietak, Iruñeko Etxaide eta Calvo izanen dituzte arerio.
Nagusien kategorian, azkenik, Doneztebeko Aritz Anguitak eta Joseba Madariagak, Iruñeko Olangua eta Okiñena izanen dituzte aurrez aurre.
Arratsaldeko 18:30ean, Errekako eskubaloi talde nagusia Tid San Antonioren aurka ariko da. Aipatzekoa da TID San Antonio taldeak kopa irabazi duela asteburu honetan eta bertan ari direla Indabere eta Meoki doneztebarrak. Arratseko 21:00etan herri afaria izanen da Santa Luzia plazan. Menu azkarra izanen dute Erreka zaleek: txorizo sagardoan egina, ajoarriero, redondoa saltsan, postrea, kafea eta kopa. Ondotik, Erreka Eguna behar bezala akitzeko, dantzaldia izanen daJalisko Band taldearekin.

4x4 AUTO TRIALA APARANEN

Aipatzekoa da egun berean, Errekako Egunarekin zerikusirik ez duen bertze kirol ekitaldi interesgarria ere izanen dela Donezteben. Izan ere, 4x4 autoen lehen triala ere eginen da Aparan industrialdean. Larunbat arratsaldeko 2:30ean hasiko da eta parte hartzeko 699 454627 edo 618 778328ra deitu behar da. Pitti eskabazioak, Zoansa eta Arincar-Sampi Aragonen ekimena da auto-trial hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun