Amaiurko emakumezkoek irabazi dute Nafarroako 4x4 txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko mai. 28a, 12:56

Estreinaldi bikaina egin dute Amaiur sokatira taldeko neskek Nafarroako Lauko Txapelketan: lehen aldiz parte hartu eta gainera, irabazi. TTIPI TTAPA

Emakumezkoetan Beti Gazte hirugarren izan da, eta gizonezkoetan Amaiur C bigarren

Hiru jardunaldi jokatu ondotik, maiatzaren 10ean bukatu zen Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa, Iruñeko Errotxapea auzoan. Emakumezkoetan 260 kiloko kategorian aritu ziren, eta txapela aurten txapelketan lehen aldiz parte hartu duen eta estreinaldi bikaina egin duen Amaiurko taldearentzat izan zen. Gizonezkoetan 310 kilokoan aritu ziren, eta Berriozar Brentzat izan zen garaipena.

Bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan, azken saiorarte mantendu zen emozioa, ez baitzegoen erabat erabakita txapelak nork jantziko zituen. Nesketan tiraldi parekatuak izan ziren, Amaiurrek, Sakanak eta Lesakako Beti Gaztek azken jardunaldian berdindu egin baitzuten. Halere, Amaiurko taldeak aitzinetik bi puntuko aldea kendua zion Sakanari eta horrenbertzez, garaipena Baztanera ekarri zuten. Hirugarren postua talde lesakarrarentzat izan zen. Laugarren eta bortzgarren Berriozar A eta B gelditu ziren, hurrenez hurren, eta seigarren Iruñeko Txantrea.

Gizonezkoetan, berriz, azken saioaren faltan, Berriozar Bk puntu eta erdiko aldea ateratzen zion Amaiur Cri. Baina hala ere, bera gailedu zen. Amaiur C bigarren izan zen; Berriozar A hirugarren; Amaiur A eta B laugarren eta bortzgarren, hurrenez hurren, eta Txantrea seigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun