Aldaketa batzuk izanen ditu igandean eginen den Sarako Itzuliak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 28a

Ibilbidea ez da gehiago Gaztain Lepotik eta Lehenbizkaitik pasatuko

Axuria Mendi Taldeak Sarako Itzuliaren ibilbidea moldatu du zati batzuetan. Kilometro gehienak lehengo bidetik joanen dira eta hasiera betikoa izanen da. Aurtengoa ez zen usaian bezala Mendekoste Egunean egin, Herri Urratsekin bat egiten zuelako. Antolatzaileak gibelatzea erabaki zuten eta igande honetan eginen da.

Plazatik abiatuta, Larrun eta Ibanteli upatu beharko dira, eta hortik aitzinera aldatuko da aurtengo ibilbidea. Lizarrietan, Gaztain Lepo eskuin aldean utzi eta, ibiltariek herriko sareetara joko dute pista batean barna. Handik lehenagoko bidea berreskuratuko dute eta eguneko hirugarren tontorra upatuko dute, Axuria, alegia. Urtero bezala, Zugarramurdiko lurretan pasatuko da, eta hango herriko plazaraino jautsi. Sarara itzultzea Behereko Benta eta Gaineko Bentan barna eginen da. Baina Galtzagorritegiara arribatzean behera egiteko ordez, Xelkor eta Granadatik Lehenbizkaira joateko, aurten kaskoan segituko du Hernainborda arte. Hortik behera eginen du Ixtilart aldera, Olabidekobordaren ezkerreko aldean den pista segituz, eta kilometro batzuen buruan abiapuntura itzuliz.

Denetara 45 bat kilometro dira, eta jendeen laguntzeko han hemenka jateko eta edatekoak emanen dituzte. Abiatzea 7:00etan eginen da kiroldegitik, eta parte hartu ahal izateko han berean 12 euro ordaindu beharko dira

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun