Cederna Garalur Elkarteak antolatutako Europako Arteak eta Letrak izeneko lehiaketan Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskolako ikasleek lehendabiziko saria eskuratu dute aurten ere idazlan-modalitatean. Joan den urtean ere idazlanenetan lehendabiziko hiru sariak Xalto eskolakoentzat izan ziren, eta aurtengo lehenbizikoa ere bai. Marrazki eta idazlan lehiaketa izan da Cedernak aurten bigarrenez antolatu duena: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei bideratua lehena, Marraztu zure gela izenekoa. Eta Bigarren Hezkuntzakoei zuzendua bertzea, Eman jarraipena historiari... idazlan lehiaketa. Bigarren kasu honetan izan dira sarituak goizuetarrak. Ondoko egoera aurkeztu zitzaien ikasleei: «gelako entrenatzailea zara saskibaloi txapelketa batean parte hartzeko, eta 21 ikasleren artean taldea osatuko duten 8 kideak aukeratu behar dituzu, eta aukeraketaren arrazoiak argudiatu».
Nafarroako Mendialdeko sei ikastetxetatik 10 idazlan aurkeztu dira, bikoteka idatziak, eta Goizuetako sarituak Larraitz Salaberria eta Aitzpea Huizi dira. Sari gisa, egunkari bat eta bolaluma bat jasoko dituzte, baita gelarentzako sari kolektiboa ere: Orgiko hariztira txangoa eta eztiaren museora bisita. Argazkian sarituak ageri dira.