Institutuetako 400 ikasletik goitik parte hartuko dute urteroko kontzertuetan

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 28a

Institutuetako musika ikasleak emanaldiak eskaintzen ari dira herriz-herrii TTIPI TTAPA

Asteazken eta ortzegun honetan eskaintzekoak dira lehen biak eta azkena hurrengo astean

Azken urteotako ohiturari segituz, Lekaroz, Bera, Doneztebe, Leitza eta Altsasuko institutuetako DBHko ikasleak kontzertuak eskaintzen ari dira, ikasturte guztian musika arloan ikasi eta landu dutena erakusteko. Aurtengo topaketak hamargarren edizioa du, eta horren harira, zerbait berezia egiteko ikasle beteranoek ere parte hartzeko aukera izanen dute. Ehunka ikaslek parte hartuko dute aurten ere. Berakoan, erraterako, 425 ikasle inguruk.

Lehendabiziko kontzertua asteazken honetan egitekoa zen, maiatzaren 28an, Berako Eztegara pilotalekuan. Bigarrena, berriz, ortzegun honetan egitekoa da, Lekarozen. 17:00etatik aitzinera hasiko da emanaldia. Hirugarren eta azken kontzertua heldu den astean izanen da, ekainaren 4an, asteazkenarekin, Leitzako Amazabal pilotalekuan. Hau ere 17:00etan izanen da.

Urtetik urtera eskaintzen dituzten doinuak aldatu egiten dira, euskaldunak eta kanpokoak izaten dira, eta aurtengoak hauek izanen dira: Buhamiak abesti herrikoia, Red Hot Chilli Pepper-en Otherside kantua, Ibon Koteron eta Kepa Junkeraren Odolare Boza, The bogglesen Video killed the radio star, Credence Clearwater Revivalen Have you ever seen the rain, Hertzainak-en Aitormena, John Ryan’s Polka kantu tradizionala, Carl Orffen Carmina Burana O fortuna eta Fortune plango vulnera, Junkeraren Bok Espok, The Ramonesen Blitzkrieg Bop eta Beat on the brad eta Antonio Agilarren Caballo Prieto Azabache.

Zuzendari lanetan, berriz, Iñaki Otaño, Amaia Cordova, Jabier Etxeberria, Aitziber Sanz, Aitor Larrañaga eta Joxan Zabalo ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun