Eguraldia lagun izan zen Trinitate Egunean, eta jendearen gogoa ere nabaria izan zen. Jende aunitz bildu zen Mendaurrera, batzuk meza entzun,bertzeak lagunekin ederki gosaldu... Baita Arantzako Mendi Itzulitik ere. Gosaltzeko momentuan trikitixa eta panderoaz gozatzeko aukera izan zen Miriam eta Arkaitzekin.
Mendaurko buelta egin ondotik, eguerdian enbaltseetara jaitsi eta lagun artean bazkaltzeko aukera izan zen. Ohiturari segituz, Ibintza Kultur Taldeak bazkaria antolatu zuen eta 60 lagun elkartu ziren. Aurtiztarrak, berriz,18 laguneko kuadrilan giro ederrean bazkaldu zuten.
Bazkalondoa Sebastian trikitilariak alaitu zuen eta ilunabar aldera ez zen musika eta dantzarik falta izan enbaltsetatik herrirakoan. Aurtitzen trago eta dantza egin ondotik Iturengo goiko pisuetara jaitsi eta zortzikoa dantzatuz plazaraino ailegatu zen jendea. Ordu ttikiak arte giro paregabea izan zen.