Udaberriko feriaren bigarren edizioa maiatzaren 9an egin zen, Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur Elkartearen laguntzaz antolatua. Iaz bezala, ahari lehiaketa egin zen, eta 20 buru aurkeztu ziren. Hori bai, mutur gorri eta beltzei irekitako lehiaketa izan arren, gorriak bakarrik aurkeztu ziren, iaz bezala. 120 euroko lehenbiziko saria Sunbillako Pixarnekobordako Jose Bernardo Bazterrikaren ahariak jaso zuen; 70 euroko bigarrena Iturengo Sunbilleneako Jose Ignacio Berak lortu zuen eta 50 euroko hirugarrena Iturengo Arroseneako Maribi Elizaldek. Horrez gain, aziendak aurkeztu zituzten baserritarrei 30 euro eman zitzaizkien parte hartzeagatik. Gainerakoan, behi, aretxe, zaldi, behor eta pottokak ere ikusi ziren Merkatu Plazan, eta eskulangileek ere ez zuten hutsik egin, nahiz eta, euriaren beldur, Merkatu Plazan izan beharrean, elizaren atarira eraman zituzten euren lanak.