Eskola berriaren beharraz ohartarazi dio herriak Hezkuntza kontseilariari

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 28a

Nafarroako Gobernuko kontseilariak udaletxeko eta eskolako ordezkariekin TTIPI TTAPA

Hezkuntza eta Ingurumen kontseilariak herrian izan dira

Udalak egindako eskaerari erantzunez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria den Carlos Perez Nievas eta Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria herriko eskolak ikustera etorri ziren maiatzaren 20an. Gaur egun Sunbillako eskolako haurrak bi eraikin desberdinetan banatuta daude eta eraikinak nahiko egoera kaxkarrean daudela ageria da. Gainera, datozen urteetarako ikasle kopuruak goiti eginen duela aurreikusi da, eta beraz, eskola berri baten premia dagoela jakinarazi zieten bi kontseilariei.

Herriko alkate Pako Errandonea, Hezkuntza zinegotzia Ainhoa Etxebeste, eskolako zuzendaria Marta Marizkurrena eta Eskola Kontseiluko Mikel Etxalar egon ziren beraiekin. Badirudi bisita ongi joan zela, eskolak ikusteaz gain, eskola berria eraikitzeko lur eremu posibleak ere ikusten egon baitziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun