Igande honetan, ekainak 1, eginen da aurtengo Gasna eta Artisau Feria Eguna. Goizean goizetik, eskulangileen postuak, ekitaldi desberdinak eta besta giroa ez dira faltako. Eguerdira bitartean haurrentzako sormen-tailerrak izanen dira plazan, azken urtetan bezala. 10:30etik aitzinera artisauen erakusketa paratuko dute plazan, egurra, burdina, kristala eta bertzelako lanak egiten dituzten eskulangileekin.
12:30ean herriko trikitilarien saioa izanen da plazan. 13:30ean gasna lehiaketako sari-banaketa eginen da eta segidan, herri bazkaria frontoian. Lehiaketara gasna aurkeztu nahi dutenek 11:00ak baino lehen egin beharko dute frontoian. Arratsaldean, Andre Mari Dantza Taldekoen saioa izanen da, aurten nobedade bezala, taldeko nagusienen eskutik. Altxata Kultur Elkartetik aitzineratu digutenez, «aurten sorpresa handi bat izanen da goiz partean, baina bertan egon beharko da zer den ikusteko». Jendeak espero ez duen zerbait izanen dela erran digute.