Bertizko jaurerriko Natur Parkean dagoen Naturaren Interpretazio zentroa itxita dago maiatzaren 27tik uztailaren 31ra, bere edukiak berritu ahal izateko. Denbora honetan, halere, lorategia nahiz parkeko gainerako atalak irekiak izanen dira jendearentzat. Interpretazio Zentroa Tenientetxea baserrian dago eta urtero 30.000 pertsonek bisitatzen dute. Zentroaren helburua, parkearen balio naturalak bisitariei ezagutaraztea eta ulertaraztea da.
210.000 euroko inbertsioa
Orain, Nafarroako Gobernuaren eta Caixa Fundazioaren arteko hitzarmenaren ondorioz, Tenientetxea egokitzeaz gain, bere edukiak erabat berrituko dira. Lanen aurrekontua 210.000 eurokoa da eta arestian aipatutako bi erakunde horiek finantzatuko dute. Baserrian egin beharreko lanei dagokienez, oztopo arkitektonikoak ezabatuko dira, teilatua moldatuko da, komunak berrituko dira eta ingurumenarekin errespetagarriagoa den biomasa kaldera bat instalatuko da. Edukiei dagokienez, natur eremuen kontserbazio estrategia berriei egokitu behar dira. Modu berean, paneletan biltzen den informazioa eguneratu nahi da eta hizkuntz aniztasunaren formatuetara egokituko da. Erakusketetarako baliabide modernoagoak eta mantenimendurako eta aldatzeko errexagoak ere paratu nahi dira. Bisitariek hobexkoen baloratzen duten baliabidea, bigarren solairuko ikusentzunekoa, hain zuzen, teknologia berrietara egokituko da eta ikusentzulearekin elkareragite handiagoa bilatuko du.
Natura 2000 sareko partaide
Bertizko Natur parkea Natura 2000 sareko partaide da eta abudo, Erabilera eta Kudeaketarako Plan Gidaria onartuko da. Berriki, Turismo Kalitatearen Q Ziurtagiria ere berritu du Bertizko Parkeak, bisitariei eskaitzen dien zerbitzuari abala ematen dion ziurtagiria. 2007an, Nafarroako Gobernuaren eta Caixa Fundazioaren arteko akordioaren bertze ekimen bat egin zuten Bertizko Parkean, zentzumenen ibilbidea osatu zenean. Ibilbide hau pertsona guziek egiteko modukoa da, bere adina edo egoera fisikoa edozein dela ere.