37 urteko Elgorriagako langile bat hil da astearte goizean Donezteben, eraikuntzako obra batean lanean ari zela. Hamarrak eta 19 minututan gertatu da ezbeharra, Jose Miguel Jorajuria Telletxeak gidatzen zuen dunperra irauli eta langilea azpian gelditu denean. Jose Mari Jorajuria Iturengo Izarra eskabazio enpresarako ari zen lanean, Doneztebetik Elgorriagarako bide ondoan eraikitzen ari ziren etxebizitza batean.
Ezponda berdintzen
Foruzaingoaren lehen ikerketen arabera, lur ezponda berdintzen ari zen Elgorriagako langilea. Istripua gertatu denean, lankide batek SOS Navarrara deitu du. Guardiako medikua eta erizaina eta Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak lan-istripuaren tokira joan dira berehala, baina langilea dagoeneko hilik zegoen.
Sindikatuen oharrak
LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den berrogeigarren langilea da asteartekoa eta asteazkenean, maiatzaren 28an, kontzentrazioa eginen du eguerdiko 12:30ean Doneztebeko Enplegu Bulegoaren aitzinean.
UGT sindikatuak ere langilearen heriotza salatu du eta bere elkartasuna adierazi dio familiari. Nafarroan, eraikuntza sektorean aurten istripuan hil den hirugarren langilea dela ere salatu du UGTk.