Urrezko Aizkoraren gazte mailako finalak erabaki ziren Urrotzen

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 28a

Oihan Larretxea eta Erasun aurrez aurre izanen dira 18 urtez beheitikoan

Larunbat arratsean, Urrezko Aizkora txapelketan, 18 urtetik beheitikoen bi finalerdi eta 23 urtetik beheitikoen bertze finalerdi bat jokatu zituzten Urrozko frontoian.

Jon Rekondo, 23 urtez beheitikoan

23 urtez beheitikoei dagokienez, Jon Rekondo leitzarrak erraz lortu zuen sailkatzea, aparteko arazorik gabe menderatu baitzuen Arkaitz Jauregi gipuzkoarra. Leitzarrak Mugertza II.arekin neurtuko ditu indarrak finalean, pasa den igandean Atutxa II.ari irabazi baitzion mutrikuarrak.

Oihan Larretxea eta Ander Erasun 18 urtez beheitikoan

18 urtetik beherakoen bi finalerdiak, berriz, hagitz lehiatuak eta orekatuak izan ziren. Lehenengoan, Oihan Larretxea beratarrak lortu zuen txartela Ruben Saralegi leitzarrari irabazita. Azkeneko lanera, ordea, Saralegi minutu bat eta 4 segundo aitzinetik heldu zen, baina Larretxea gazteak horri buelta eman zion lan luzcan. Ander Erasun aurtiztarraren eta Julen Kañamaresen artekoa ere lehiatua eta borrokatua izan zen, eta azkenean Erasun gailendu zen, baina 16 segundo bakarrik atera zizkion Kañamaresi. Beraz, finalean, Oihan Larretxea eta Ander Erasun izanen dira aurrez aurre.

Elite mailan, Nazabal lehen finalista

Elite mailako lehen finalerdian, berriz, ez zen ezusterik izan igandean Duranan, eta Floren Nazabalek lortu zuen Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela Arria V.a menperatu ondotik. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu ibili ziren. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu behar izan zuten. Hirugarrengoan, kana-erdiko enborra erdibitu behar izan zuten zutik. Laugarrengoan, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Bosgarrengoan, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda izan zituzten mozteko. Azkenik, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten. Lan erdietan Arria V.a aitzinetik zen, zazpi segundoko aldea kentzen baitzion Nazabali. Hala ere, Etxarrikoa nagusi izan zen hortik aitzinerako probetan. Bukaeran, 20 minutu eta 34 segundo behar izan zituen Nazabalek lan guztiak burutu ahal izateko, eta Arria V.ak, berriz, 21 minutu eta 51 segundotan akautu zituen lan guztiak. Beraz, Nazabal aurten ere txapelari eusteko lehia jokatzeko moduan izanen da, bere lehen helburua, finala jokatzea, alegia, lortu baitu. Aurkaria datorren igandean ezagutuko du, egun horretan lehiatuko baitira Legution Lopez eta Donato Larretxea. Ezuste handiren bat gertatzen ez bada, Larretxea izan liteke aurtengoan ere haren aurkaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun