Kiskalita nauka euskal zinemak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 26a

Un poco de chocolate filmari buruz ari naiz. Ematen du hemen beti dagoela aitzakiaren bat euskara hizkuntza eta euskaradunak bigarren mailan uzteko. SPrako tranbia eleberria euskaraz izan zen idatzia, eta sari garrantzitsu bat jaso zuen horren ondorioz. Lehenago beste horrenbeste gertatu zen Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuarekin. Kasu hartan ere eleberria zinemara eraman zen. Orduko hartan pelikula gaztelaniaz filmatu zen, zuzendaria eta aktore nagusiak erdaldunak zirela argudiatuz. Hala eta guztiz ere, oker ez banago, ikusleari hasieratik aukera eman zitzaion hautatzeko zein hizkuntzatan ikusi nahi zuen, gaztelaniaz ala euskaraz, Hego Euskal Herrian, behintzat. Iparraldean ez dakit oso ongi zer gertatu zen.
Oraingo kasuan, ordea, liburua euskaraduna edukitzeaz gain, zuzendaria eta aktore asko, baita protagonista nagusietariko batzuk ere, euskaldunak izan ditugu, baina, hala ere, orain ere izan omen da arrazoi edo aitzakiaren bat gaztelaniaz filmatzeko. Gaztelaniaz bakarrik, momentuz, bederen. Euskaraz ikusi nahi dugunok itxaron beharko dugu «gure bigarren txanda», askotan bezalaxe.
Bitartean, jende asko sumatzen dut kezkatuta eztabaidatzen, filmak ongi islatzen ote duen eleberriaren edukia. Nik aitortzen dut hori garrantzitsua dela, baina, nire iritziz, euskaraz filmatua izateak hasieratik eta euskaltzaleei ere aukera berbera emateak, itzulpenik egin gabe, alegia, uste dut ez duela garrantzi gutxiago.
Bukatzeko, zer esanen dut, ba, nik? Beste askotan bezalaxe, oraingo honetan ere gelditu beharko dugula zain, ea noiz ematen diguten aukera film hau euskaraz ikusi ahal izateko. Baina inor gutxik esanen dit, norberaren etxean bigarren edo hirugarren mailakoa sentitzea, benetan ez dela gauza tristea.

Xanti Begiristain Iruñea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun