‘Mugarik gabeko lurpea’ ekimenarekin bat egin dute Euskal Herriko sei leizek

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 26a

TTIPI TTAPA

Tartean dira Urdazubi, Sara eta Zugarramurdikoak

Euskal Herriko sei leizek elkarlanean Mugarik gabeko lurpea izeneko egitasmoa paratu dute martxan. Zehazki, Oñatiko Arrikrutz (Gipuzkoa), Urdazubiko Ikaburu, Astizko Mendukilo (Nafarroa), Karrantzako Pozalagua (Bizkaia), Sara eta Zugarramurdiko Sorginen leizeak dira proiektuan barneratu direnak, jatorri beretsua onartu zaien Anaiartutako Leizeak, hain zuzen. Lurrazpian dagoenak —Seigarren Kontinentea deituak— gero eta interes gehiago pizten duela iritzita, «kobazuloen baliabide natural, ekologiko, historiko eta mitologikoak hedatzeko helburuarekin garatu dugu proiektua». Hala adierazi zuen Ainhoa Agirre Zugarramurdiko Sorginen Museoko kudeatzaileak bertze leizeetako ordezkariekin maiatzaren 9an Sorginen Museoan egindako egitasmoaren aurkezpenean. 40.000 liburuxka argitaratu dituzte eta horrekin leize bateko bisitariak bertzeetara eramatea da helburua. Leizeak bisitatu ahala zigilua paratuko da, eta bigarren bisitatik aitzinera sarreran %20eko deskontua izanen da. Gainera, ekainaren 30a baino lehen sei zigiluak osatuz gero, oparia jasoko du bisitariak.

«Kareharriz osaturiko mendiguneak eta leizez inguratutako lekuak». Horrela deskribatu dituzte Euskal Herriko sei leizetako arduradunek euren inguruak. Horietatik hiru eskualdekoak dira —Urdazubiko Ikaburu, Sarakoak eta Zugarramurdiko Sorginen Leizeak—, eta antzeko jatorria eta bertzelako parekotasunak dituztela eta, Oñatiko Arrikrutz, Astizko Mendukilo eta Karrantzako Pozalagua kobazuloekin anaitu egin dira. Elkarrekin ezagutzera eman eta jendea erakartzea da helburu nagusia eta horretarako Mugarik gabeko lurpea izeneko egitasmoari ekin diote. Banaz bertze urtean 300.000 bisitari jasotzen dituzte sei leize horiek, eta abian paratu duten proiektu honekin bateko bisitariak bertzera erakarri nahi dituzte, «leize bat sustatzeko tokirik onena bertze leize bat delako». Hori nabarmendu zuten hilaren 9ko aurkezpenean leizeetako ordezkariek. «Leizeen artean ez dago konpetentziarik, elkar lagundu egiten dute, haietako bakoitza bakarra baita».
«Egitasmo turistikoa» deitu duten ekimena lantzeko joan den urteko urtarrilean bildu ziren lehenbiziko aldiz. Saio honek izanen dituen emaitzak aztertu aitzinetik, etorkizunera begira, egitasmoa euren antzeko ezaugarriak dituzten bertze leizetara zabaltzeko asmoa dute. Dagoeneko Isturitz eta Otsozelaiako kobazuloek ere interesa agertu omen dute egitasmoan parte hartzeko. «Argi dago eskaintza hedatzeak norbere produktua indartu eta erakartzen duela», adierazi digu Ainhoa Agirre Zugarramurdiko Sorginen Museoko kudeatzaileak. Horrez gain, leize bakoitzaren web orrian bertze leizeen webgunetarako loturak ere paratu nahi dituzte, eta baliteke, aurrekontuaren arabera, web orri propioa ere sortzea.
«Paisaiaren edertasuna ez dago lurraren gainean soilik, bihotz bihotzean ere xarma haundiko bazter naturalak daude». Hortik dator Seigarren Kontinentea izena. «Lurraren erdigunera barneratu, eta balio ekologiko zein natural haundiko lekuak, gizakiaren iraganaren arrastoak, mitoei loturiko erritu herrikoiak, paisaiaren edertasuna, historia ezagutu eta entzun». Hori guztia aurkituko dute bisitariek leizeetan.

Deskontuak eta opariak pasaportearekin

Sarrera erostean, bisitariak liburuxka edo pasaportea jasoko du doan. Pasaporteari zigilua paratuko zaio eta promozioaren barne dauden bertze leizeetan erabili ahal izanen du. Sei leizeen ibilbidea egin ahala, zigiluak gehitzen joanen zaizkio liburuxkari. Gainera, liburuxka eskuartean, bertze leizeetara joaten den bakoitzak %20ko deskontua izanen du sarreran. Ekainaren 30a baino lehen sei kobazueloetatik pasatuta zigiluekin pasaportea osatzen duenak oparia jasoko du: Anaiartutako Leizeen irudirik ikusgarrienak biltzen dituen CDa. Dena den, pasaportea behe-denboraldirako bakarrik izanen da erabilgarria. Beraz, Aste Santuan, uztailean, abuztuan eta zubietan ez. 40.000 ale argitaratu dituzte, eta erantzun ona izatea espero dute arduradunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun