Urrezko Aizkoraren hiru finalerdi erabakiko dira larunbatean Urrotzen

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 23a

Buruz buruko Urrezko Aizkora txapelketa ari da momentu erabakigarrietan sartzen. Larunbatean, maiatzaren 24an, Urrotzen arratseko 20:00etan hasiko den saioan hiru finalerdi erabakiko dira, bi 18 urtez beheitikoen kategoriakoak eta bertzea 23 urtez beheitikoena.

18 urtez beheitikoen lehen saioan Oihan Larretxea beratarra Ruben Saralegi leitzarraren kontra ariko da eta bertzean, Ander Erasun aurtiztarrak Berriozarko Julen Kañamares izanen du arerio. 23 urtez beheitikoen finalerdian, berriz, Jon Rekondo leitzarra eta Arkaitz Jauregi gipuzkoarra izanen dira nor baino nor.

Ikusmin handia

Erran beharrik ez da finalerdi hauek ikusmin handia piztu dutela eskualde osoan eta Malerrekatik ez ezik, Bortzirietatik eta Leitzaldetik ere bilduko dira aizkorazaleak Urrotzera. Gainera, 18 urtez beheitikoetan Oihan Larretxea eta Ander Kañamares dira faborito eta 23 urtez beheitikoetan Jon Rekondo. Halere, erne ibili beharko dute, larunbatean arerio izanen dutenek aunitz hobetu baitute eta sorpresaren bat izan daiteke.

Elite mailako lehen finalerdia igandean Duranan (Araba)

Urrezko Aizkorari dagokionez, asteburuko egitaraua igandean osatuko da, elite mailako lehenbiziko finalerdiarekin. Zehazki, Arabako Duranan ariko dira maiatzaren 25ean, eguerdiko 12:30etik aitzinera Floren Nazabal eta Xabier Orbegozo “Arria V”. Faborito argia Nazabal izanen da, gaur eguneko txapelduna den neurrian, baina Arriak ere kalitate salto handia eman du azken aldian eta lehia gogorra espero da. Elite mailako bigarren finalerdia ekainaren 1ean jokatuko dute Legution Donato Larretxea aranztarrak eta Lezaungo Lopez Azpilikuetak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun