Trinitate Eguna ospatu zen igandean Mendaurko kaxkoan

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 22a

Igandean, maiatzaren 18an, ospatu zen Trinitate edo Mendaur Eguna. Igandeko eguraldi ederra lagun, Ituren, Arantzatik edo Sunbillatik ez ezik, Elgorriaga edo Zubietatik ere jende dezente joan zen Mendaurko ermitara, batzuk meza entzutera, bertzeak ermitari hiru bira eman eta desioa eskatzera, edo bertzerik gabe mendira joatea gustatzen zaienak ere aprobetxatzen zuten egun hori. Garai batean egun horretan musika izaten zen Sunbillan ere, baina urteak dira ohitura hori desagertu zela. Iturenen, aldiz. oraindik musika izaten da.

Arantzako Itzuliak aukera eman du Mendaurko kaxkora igotzeko ere eta bertzeetan joateko ohiturarik ez duten batzuk ere hurbildu ziren Mendaurrera proba honen barrenean.

Iturendarrek, goizean Mendaurrera igo ondotik, eguerdian enbaltseetara jaitsi eta lagun artean bazkaldu zuten. Bazkaldu ondotik Sebastian trikitilariak alaituko du arratsaldea. Arratsaldean, berriz, Iturengo plazan dantzaldia izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun