Connor Saltoki taldean ari den Asier Apezetxea txirrindulari aranztarrak, garaipen handia lortu zuen igandean, maiatzaren 18an, Lizarraldean, Bearingo Mendi Bizikleta Lasterketako bosgarren edizioan. Aranztarrak erakustaldi bikaina eman zuen, 35 kilometroko ibilbidea lehen postuan akautzeaz gain, 5 minutu eta segundu bateko aldea atera baitzion bigarren izan zen Joseba Leon-i. Hirugarren postua Apezetxearen taldekide batentzat izan zen, Jesus Bakaikoarentzat. Kadete mailan, bigarren izan zen Igantziko Biltokiko Aitor Begino. Xabier Gomez irabazlearekin batera ibili zen, baina azkenean hiru segunduko aldea atera zion honek.
Joxe Mari Goia Iruñeko Bike Maratoian
Bertze aldetik, Errenteriako Ciclos Iñaki taldean ari den Jose Mari Goia igantziarra nagusitu zen egun berean Iruñeko Bike Maratoian. 616 txirrindularik parte hartu zuten proba honetan eta Gazolaz, Izkue, Olza, Iza eta San Cristobal kaxkoak gainditu behar izan zituzten 69 kilometroko ibilbide luzea aukeratu zutenek. Egia da ez zela konpetizio proba, baina hor aitzinean ibiltzen direnek beti izaten dute garaipena lortzeko gogoa. Horixe egin zuen Joxe Mari Goiak, 2 ordu, 57 minutu eta 49 segunduko denborarekin. 5 segunduko abantaila atera zion Euskaltel, Relax eta Agritubel taldeetan txirrindulari profesionala izan den Alberto Martinezi. Julen Garciak osatu zuen podiuma. Hiru txirrindulari hauek izan ziren ibilbide luzea hiru ordu baino guttiagoan osatu zuten bakarrak.
Basaburuako mendi bizikleta ibilaldia igande honetan
Basaburua Bailarako Udalaren Kirol Batzordeak, Plazaola Partzuergo Turistikoarekin batera, lehiakorrra ez den mendi bizikleta martxa antolatu du igande honetarako, maiatzaren 25erako, Basaburuako mendietan barna, 50 kilometroko luzeera eta 1.300 metroko desnibel pilatua izanen duen martxa zirkularra da eta goizeko 9etan abiatuko da. Martxa Jauntsarasko eskolatik abiatu eta zenbait herri edo udalerri ezagutzeko aukera ematen du: Itsaso, Udabe, Beramendi, Ihaben, Gartzaron, Erbiti, Orokieta, Igoa, Arrarats eta Beruete, eta Jauntsaratseko kiroldegiaren parean akautuko da. Horretaz gain, 1’8 kilometroko zirkuitu familiar bat egokituko da “Jauntsarasko Haritz Monumentalen Ibilibide”-an zehar. Mendi txirrindulaz ibilbide erraz batez, edota baso zoragarri honetaz eta Jauntsarasko inguruetaz oinez gozatzeko aukera paregabea izanen da. Aurre-izen ematea maiatzak 15etik 23a bitartean egin daiteke Lekunberriko Turismo Bulegoan edo Basaburuako Udalan. www.plazaola.org orrialdean agertzen den izen emate orria bete eta bidali info@plazaola.org posta elektronikora, edo faxen bidez 948.50.73.33 zenbakira. Izen ematea egun berean, 25ean, irteera baino ordubete lehenago egin behar da.