Eskola berriaren beharraz ohartarazi dio Sunbillak Nafarroako Gobernuari

ttipi-ttapa 2008ko maiatzaren 22a

Bi kontseilariak Pako Errandonea alkatearekin, Ainhoa Etxebeste zinegotziarekin, Marta Marizkurrena eskolako zuzendariarekin eta Mikel Etxalar gurasoarekin. TTIPI TTAPA

Hezkuntza eta Ingurumen kontseilariak herrian izan ziren maiatzaren 20an

Sunbillako Udalak egindako eskaerari erantzunez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria den Carlos Perez Nievas eta Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria herriko eskolak ikustera etorri ziren asteartean, maiatzaren 20an.

Bi eraikinetan banatua

Gaur egun Sunbillako eskolako haurrak bi eraikin desberdinetan banatuta daude eta eraikinak nahiko egoera kaxkarrean daudela ageria da. Gainera, datozen urteetarako ikasle kopuruak goiti eginen duela aurreikusi da, eta beraz, eskola berri baten premia dagoela jakinarazi zieten bi kontseilariei. Pako Errandonea herriko alkatea, Ainhoa Etxebeste hezkuntza zinegotzia, Marta Marizkurrena eskolako zuzendaria eta Eskola Kontseiluko Mikel Etxalar izan ziren beraiekin. Badirudi bisita ongi joan zela, eskolak ikusteaz gain, eskola berria eraikitzeko lur eremu posibleak ere ikusten egon baitziren. Gaur egun 50 ikasle ditu Sunbillako eskolak, 22 Haur Hezkuntzan eta 28 Lehen Hezkuntzan.

Almandozko eskolako lanei bisita

Bi kontseilariek Almandozen eraikitzen ari den eskola ere bisitatu zuten. Itxura batean, heldu den 2008-2009 ikasturterako erabiltzeko moduan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun