Igande honetan, maiatzak 25, mendiaren eta zuhaitzen inguruko hitzaldia emanen dute Kultur Etxean Nafarroako Arbol Zaharren Elkartekoek. Zuhaitz zaharren katalogazioa nola egiten duten eta ekologikoki duten balioaz solastuko dira, 10:00etatik aitzinera. Zehazki, Arbola Zaharren Elkarteko Oscar Schwendtner-ek, “posibles usos de un bosque trasmocho” edo “inausitako basoaren balizko erabilerak” solasaldia eskainiko du. Hitzaldia akabatuta, Altxata ingurura mendi ateraldia eginen da, teoria praktikan ikustera. Edozeinek parte har dezake bai hitzaldian, bai ateraldian ere.
Zaborrari buruzkoa maiatzaren 27an
Igandekoarekin, datozen asteetan Etxalarren eginen den solasaldi zikloari hasiera emanen zaio. Izan ere, heldu den asteartean, maiatzaren 27an, Hiri Hondakinen Mankomunitatea eta Nafarroako Kutxaren arteko elkarlanean, Zuk aukeratu Zuk erabaki programaren barrenean “Zaborra birziklatzeko boltsak, egutegiak eta hurrengo urteko proiektua: konpostajea” solasaldia eskainiko dute arratsaldeko 7etatik aitzinera Patxiku Irisarrik eta Ramon Olaziregik Kultur Etxan.
Ekainean ere
Behin ekainean sartuta, ekainaren 1eko Gasna Feria egunaren ondotik, ekainaren 4an, asteazkenean, “Orgiko basoa, erabilera publikoko esperientzia bat” solasaldia eskainiko du Gorka Gorospe, Orgiko kudeatzaileak gazteleraz, arratsaldeko 7etan Kultur Etxean. Ekainaren 7an, larunbatarekin, “Etxalarko txoriak” solasaldia emanen du Itsas-enara Ornitologi elkarteko Mikel Etxanizek goizeko 10etan Kultur Etxean. Ondotik, ateraldia eginen dute partehartzaileek Bagoleko Borda aldera. Ea solasaldian aditutako txorietatik batzuk ikusteko aukerarik duten!
Herritik ermitarako bideari buruzkoa
Ekainaren 11n, azkenik, Etxalarko Udalaren eta Nafarroako Kutxaren arteko elkarlanean, Zuk aukeratu Zuk erabaki programaren barrenean, herria eta ermitaren arteko bidea moldatzeko proiektua aurkeztuko du Patxiku Irisarrik Kultur Etxean, arratsaldeko 7etan.