Aurkeztutako 40 bat lanen artean, epaimahaiak erabaki ditu dagoeneko Baztan-Bidasoako bertsopaper lehiaketako saridunak zein diren. Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin antolatzen duten lehiaketaren XXI. edizioa izan da aurtengoa eta maiatzaren 16an banatu ziren sariak Berako Kultur Etxean. Adinaren arabera, maila ezberdinetako sariak banatu ziren.
12 urtetik 18 urte arte
A mailan (12 urte artekoentzat), lehenbiziko saria Maddalen Lopez Tapia lesakarrarentzat izan da, San Ferminak izeneko lanagatik. Bigarren saria ere Lesakara joan da, eta Mundua hain kutsatua lanagatik Gorka Sanjurjok jaso du saria. Horrez gain, bertze bi aipamen ere banatu dira mailan honetan: Berako Oihana Elzaurdiak Aste txuria izeneko lanagatik jaso du bat, eta Manex Zapiain beratarrak bertzea, Baserria izeneko bertsoengatik.
A mailan (12 urte artekoentzat), lehenbiziko saria Maddalen Lopez Tapia lesakarrarentzat izan da, San Ferminak izeneko lanagatik. Bigarren saria ere Lesakara joan da, eta Mundua hain kutsatua lanagatik Gorka Sanjurjok jaso du saria. Horrez gain, bertze bi aipamen ere banatu dira mailan honetan: Berako Oihana Elzaurdiak Aste txuria izeneko lanagatik jaso du bat, eta Manex Zapiain beratarrak bertzea, Baserria izeneko bertsoengatik.
B mailan (12-16 urte), lehen saria Baztanera joan da eta Oronozko Amaia Elizagoienentzat izan da, Erabakia hartu duzu lanagatik. Bigarren eta hirugarren sariak, aldiz, Lesakara joan dira: Patrizia Etxegarairen Kanta guztiak berdinak dira lanak jaso du bigarrena, eta Ttikitatik lagunak, orain zer? Ainara Etxabiderenak hirugarrena.
C mailan (16-18 urte) guztien artean Sunbillako Irati Arrietaren Nire egun hoberena izan da lehen hautatua; Ioar Tainta lesakarraren Txarren txarrenean ere bigarrena, eta Bizi alrebesa hirugarrena. Azken hau Josu Sanjurjo lesakarrarena da.
18 urtetik goitikoak
D mailan (18 urtetik goiti), Julen Zelaieta beratarrak jaso du sari nagusia, Col d’Ibardin? Oh lala! lanagatik. Bigarren eta hirugarren postuak, berriz, Irunera joan dira, eta Gotzon Aizpiolearen Astea hastean eta Manu Goienagaren Bestarik besta izan dira aukeratuak, hurrenez hurren.
NAFARROAKO ESKOLARTEKO LEHIAKETA
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz antolatutako eskolarteko bertsopaper lehiaketako sariak ere berriki banatu dira. Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako Nafarroa osoko 1.000 ikasletik goitik parte hartu dute, eta horien artean aunitz eskualdera etorri dira. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako lehen saria Leitzako Erleta Ikastetxeko Joanes Ilarregirentzat izan da; bigarren saria Baztan Ikastolako Aintzane Ariztegirentzat; eta hirugarrena Lesakako Tantirumairu Ikastolako Beñat Conderentzat. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako lehen saria, berriz, Berako Ricardo Baroja eskolara joan da, eta Ainhoa Larretxeak jaso du. Maila honetan eskualdeko bertze saria hirugarrena izan da. Azken hau Leitzako Erleta ikastetxeko Iraitz Astibiarentzat izan da.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailan, hirugarren saria baino ez da ailegatu eta hori Berako Labiaga Ikastolako Miren Etxepeteleku lesakarrarentzat izan da. Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako sariei dagokienez, lehendabiziko biak Doneztebeko Mendaur ikastetxera etorri dira: Irati Arrietarentzat lehena eta Maialen Belarrarentzat bigarrena. Aipatzekoa da, Nafarroa mailako sarituok norbere eskualdeko bertsopaper lehiaketako txapeldunak direla. Eskualdez eskualde ere lehendabiziko sariak eta aipamenak banatzen baitira.