Cederna-Garalurrek antolatutako idazlan saritua goizuetarrena

ttipi-ttapa 2008ko maiatzaren 20a

Marrazki eta idazlan lehiaketan saritutakoak, Cedernako ordezkariekin batera. TTIPI TTAPA

Larraitz Salaberria eta Aitzpea Huizirena da hautatua

Cederna-Garalur Elkarteak antolatutako Europako Arteak eta Letrak izeneko lehiaketan Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskolako ikasleek lehendabiziko saria eskuratu dute aurten ere idazlan-modalitatean. Joan den urtean ere idazlanenetan lehendabiziko hiru sariak Xalto eskolakoentzat izan ziren, eta aurtengo lehenbizikoa ere bai.

Bigarren idazlan eta marrazki lehiaketa

Marrazki eta idazlan lehiaketa izan da Cederna-Garalur erakundeak aurten bigarrenez antolatu duena: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei bideratua lehena, Marraztu zure gela izenekoa. Eta Bigarren Hezkuntzakoei zuzendua bertzea, Eman jarraipena historiari... idazlan lehiaketa. Bigarren kasu honetan izan dira sarituak goizuetarrak. Ondoko egoera aurkeztu zitzaien ikasleei: «gelako entrenatzailea zara saskibaloi txapelketa batean parte hartzeko, eta 21 ikasleren artean taldea osatuko duten 8 kideak aukeratu behar dituzu, eta aukeraketaren arrazoiak argudiatu».

Sei ikastetxetako lanak

Nafarroako Mendialdeko sei ikastetxetatik 10 lan aurkeztu dira, bikoteka idatziak, eta Goizuetako sarituak Larraitz Salaberria eta Aitzpea Huizi dira. Sari gisa, egunkari bat eta bolaluma bat jasoko dituzte, baita gelarentzako sari kolektiboa ere: Orgiko hariztira txangoa eta eztiaren museora bisita. Argazkian sarituak ageri dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun