Basurde Bikers bestak hainbat motozale bildu zituen Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 23a

Moto dotore eta ederrak ikusgai izan ziren kiroldegi inguruan. TTIPI TTAPA

A zer motor soinuak izan diren aste hondar honetan Donezteben. Joan den urteko arrakasta ikusita, Doneztebeko Elkartasuna Kasinoak Basurde Biker Bestaren bigarren edizioa plantatu zuen joan den asteburuan, maiatzaren 17 eta 18an. Harley Davidson, Customs eta antzinako bertze hainbat marketako motor klasikoak ikusgai izan ziren kiroldegi inguruan. Erran beharrik ez da ikusmin handia piztu zutela moto ikusgarri hauek eta jendeak arretaz eta harriduraz begiratu zituen. Izan ere, motozaleena afizioa baino gehiago bizitzeko modu bat izatera ere ailegatzen da auniztan eta motorrekin batera, larruzko txupa eta galtza beltzek, kaskoek eta bertzelako apaingarriek osatzen dute Basurde Bikers besta eguna.

Larunbata, egun borobila

Larunbat goizean hasi ziren ekitaldiak, orduan ireki baitzen izena emateko epea. Beraz, goizetik hasita, motor erakusketaz gain, arropak erosi eta piercingak eta tatuajeak egiteko aukera eskaini zen. Eguerdian bazkaria egin zen Argentinako menua dastatuz. Iaz bezala, aurten ere arrakasta izan zuen bazkariak. Arratsaldean, joku bereziak izan ziren, kubierta jaurtiketa, horiekin batera sariak banatu ziren. Gaueko afariren ondotik kontzertu bikaina eskaini zuten Maldita banda, De 2 en Blus Band, Sparto (Tributo a Judas Priest) eta Zenzerock taldeek. Herriko taldeak errepertorioa berritu du eta argi erakutsi zuten, moteroak bezalaxe, rockero zaharrak ere ez direla inoiz hiltzen.

Igandean turismoa

Igandeko gosalondoan, turismoa eginez irteera egin zuten euren motorrekin parte hartzaileek. Beraz, Donezteben ez ezik, eskualdeko hainbat heritan ikusi ahal izan ziren moto dotoreak aste hondar osoan. Eguerdian egin zuten bazkariarekin akautu zen aurtengo Basurde Bikers besta, baina seguru hirugarren edizioa ere izanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun