Oinatz Bengoetxea da buruz buruzko pilota txapelketako lehen finalista

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 20a

Barriola eta Gonzalezen arteko finalerdia ekainaren 1era atzeratu da

Oinatz Bengoetxea leitzarrak jokatuko du Esku Pilota Enpresen Ligak antolatutako buruz buruko pilota txapelketa nagusiaren finala. Larunbatean Labriten jokatutako partida gogorrean 22 eta 16 irabazi zion Asier Olaizola goizuetarrari. Bientzat lehen finalerdia zen eta bien helburua, lehen aldiz finalean izatea zen. Lehenbiziko tantuak Olaizolaren alde erori baziren ere, hirunako berdinketaren ondotik, bere pilota atera zuenean aldea lortu zuen Bengoetxeak, 3 eta 12 aitzinetik paratuta. Baina Asierrek tantua lortu zuenean bere pilota pisuago ateri eta hamabina berdindu ez ezik 15-12 irabazten jarri zen goizuetarra. 16 eta 14koa izan zen Olaizola zaharrenaren aldeko azken abantaila. Hondarreko zortzi tantuak segidan lortu zituen Oinatz Bengoetxeak eta finalerako txartela lortu.

Bigarren finalerdia ekainaren 1ean

Orain, arerioaren zain egon beharko du. Abel barriola leitzarrak eta Sebastien Gonzalez azkaindarrak jokatu beharreko finalerdia astebete atzeratuko da, lapurtarraren lesioaren ondorioz. Beraz, ekainaren 1ean jokatuko da. Honek eragina izanen du finalaren datan ere: ekainaren 15ean jokatuko da.

Iñaki Larralde lesakarra bigarren mailako finalean

Bertze aldetik, bigarren mailako buruz buruko txapelketan ere eskualdeko ordezkaria izanen dugu finalean. Iñaki Larralde lesakarrak 22 eta 8 irabazi zion Urrizelkiri igandean Astelena pilotalekuan. Lesakarra beti aitzinetik izan zen markagailuan eta arazo handirik gabe lortu zuen finalerako txartela. Finala maiatzaren 31n jokatuko du Julen Retegiren kontra, seguruenik Amorebietako pilotalekuan. Retegi Bik Iker Arretxe gainditu zuen finalerdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun