Musika kontuekin akautzeko, igande honetan, maiatzaren 18an, Nafarroako Trikitixa elkarteak hamekagarren aldiz antolatutako Trikitixa Eguna ospatuko da Lizarran. Noski, eskualdeko trikitixa talde aunitzek ez dute hutsik eginen hitzordura, nahiz eta Trinitate Eguna izanik, bertze batzuk Mendaur inguruetan ere ariko diren. Bera eta Lesakako Trikitixa taldeak bederen, gonbidatuak daude ekitaldira.
Lizarrako egitarauari dagokionez, goizeko 10:30etan hamarretakoa eskainiko zaie trikitilariei. 11:30etan hasita, Lizarrako auzo guzietan barna ibiliko dira trikitilariak, beraien doinuak hedatuz.
Ordubata terdiak aldera, Lizarrako plazan bilduko dira trikitilari talde guziak eta agerraldia eginen dute. Segidan, herri bazkaria izanen da.
Arratsaldeko 6etan trikitixa erromeria eskainiko dute Astiazaran anaiek Santiago Plazan eta arratseko 9etan, besta egunaren bukaera eta agurra izanen da.