Igande honetan, maiatzak18, ospatuko da Trinitate edo Mendaur Eguna. Ituren, Arantzatik edo Sunbillatik ez ezik, Elgorriaga edo Zubietatik ere jende dezente joaten da egun horretan Mendaurko ermitara, batzuk meza entzutera, bertzeak ermitari hiru bira eman eta desioa eskatzera, edo bertzerik gabe mendira joatea gustatzen zaienak ere aprobetxatzen dute egun hori. Garai batean egun horretan musika izaten zen Sunbillan ere, baina urteak dira ohitura hori desagertu zela. Iturenen, aldiz. oraindik musika izaten da. Beharbada aurten Arantzako jende guttiago bilduko da Mendaurren, Mendi Itzuliaren eguna baita. Dena den, Arantzako Itzuliak aukera ematen du kaxkora igotzeko ere eta bertzeetan joateko ohiturarik ez dutenak ere akaso hurbilduko dira Mendaurrera proba honen barrenean.
Arratsaldean Iturenen
Iturendarrek, goizean Mendaurrera igo ondotik, eguerdian enbaltseetara jaitsi eta lagun artean bazkaltzeko aukera izanen dute. Ohiturari segituz, Ibintza Kultur Taldeak bazkaria antolatu du egun horretarako eta apuntatu nahi duenak Herriko Ostatuan eta harategian egin beharko du. Bazkaldu ondotik Sebastian trikitilariak alaituko du arratsaldea. Arratsaldean, berriz, Iturengo plazan dantzaldia izanen da akordeoilariarekin.